Osasun sailak emandako datuen arabera, 7.838 proba egin ziren atzo, eta horietatik, 657 (%8,4) positiboak izan ziren. Gipuzkoan, 275 positibo izan ziren, tartean, 9 Tolosaldekoak. Larunbatean, 12.063 proba egin zituzten, eta 742 (%6,2) izan ziren positiboak. Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 33 pertsona ospitaleratu ziren atzo, 300 daude orotara ospitaletan, eta 55 pertsona ZIUn daude.
Azken hamabost eguneko intzidentzia tasari dagokionez, Tolosa gorriz ageri da, 100.000 biztanleko 500dik gora positibo batu baititu, zehazki, 653. Amasa-Villabona, berriz, laranja kolorez ageri da, 100.000 biztanleko 300 eta 499 artean batu baitira bertan, 355. Osasun eremuak kontuan hartuta, Tolosaldea gorriz ageri da, 538ko tasarekin. Alegia gorriz 840ko tasarekin, Tolosarekin batera, (626). Ibarra eta Amasa-Villabonako eremuak laranjarekin daude, 344 eta 445eko tasarekin, hurrenez hurren.
Ohiko jardunera itzuli da Asuncion
Bestalde, gaur itzuli dira ohiko jardunera Asuncion klinikan; ebakuntza-gelak martxan daude eta ospitaleratze berriak hartzen dituzte, bai urgenteak direnak eta baita aurreikusitakoak ere. Ospitaleratzeetarako solairuak berraktibatzen joango direla esan dute, “izan ere, azken egunetako alten eta ospitaleratze ezaren eraginez, paziente gutxirekin egon dira”. “Gainontzeko anbulatorioko jardunak orain arte bezala mantentzen dira, ez direlako behin ere erabat geratu”. Ostiralean egin zizkieten PCR probak langileei eta guztiek eman dute negatibo, Asuncionek jakinarazi duenez.
Adinekoen egoitzei dagokienez, pasa den astean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta DYAk PCR probak egin zituzten Tolosa, Villabona eta Zizurkilgo zentroetan. Probak erabiltzaileei eta langileei egin zizkieten eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, ez da positiborik egon egoitza horietan. Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, aldiz, 9 positibo berri detektatu dituzte asteburuan, baina ez dira eskualdeko egoitzak.