Influencerrak dira, batik bat, mundu ezezagun eta erraldoi horren motorra. Eduki-sortzaileak dira, moda-sortzaileak. Covid-19aren kontu honekin euren papera asko indartu da. Jende gehiagorengana iristeko bitartekariak izanik, denoi birusaren aurka prebenitzeko neurriak helarazten saiatu dira.
Dendari txikien biziraupena bultzatzeko orduan, influencerrek ere badute zer esana. Behin eta berriro azpimarratzen dute, orain inoiz baino gehiago, herriko eta auzoetako dendetara joan beharko genukeela erosketak egitera. Betidanik hor dauden kafetegi eta jatetxeetan kontsumitu beharko genukeela. Gure dirua benetan merezi duten dendariei eman behar diegula. Baina zer gertatzen da praktikan? Diskurtso utopiko hori eskaintzen duten bitartean, lamia berdea irudi duen kafea edaten dute, eta deskontuak eskaintzen dituzte internetetik enpresa multinazionaletan erosteko.
Postureoa da, azken finean, dena egitera bultzatzen dituena. Itxura ona ematea. Erakusleihoa txukundu eta zaintzea. Beraiek nahi dutena helaraztea. Eta beraiek nahi dutena guri pentsaraztea. Benetakoa ez den isla bat sortzea. Postureoa da gaur egungo gaitz askoren iturria. Errealitate nahasi bat pertzebitzea. Egoera jakin batean gehien komeni dena erakustea, baina atzean dagoen guztia ezkutatzea.
Noizean behin, perspektiba pixka bat hartu beharko genuke. Benetan begi bistakoa dena ikusi, eta ez guk ikustea nahiko luketena. Errealitateari begiratu eta ez sare sozialek ematen diguten irudi distortsionatu horri. Noizean behin, gure iritzi propioa eraiki beharko genuke, gure esperientzietan oinarrituta eta guk sentitzen dugunaren arabera. Influencerrek erakusten dutena, beharbada, egi-egia ez dela pentsatu, eta egiten duten mugimendu bakoitzaren atzean helburu jakin bat dagoela ulertu.
Batzuetan erakusleiho handi hori alde batera utzi eta gure buruan isolatzea zaila den arren, beste influentzia batzuk aurkitu beharko genituzke. Benetakoak, errealak. Egitazkoak izan diren bizipenetan oinarritutako aholkuak. Denon bizitzetan aplikagarriak direnak. Benetan ikusten ditugun errealitateak, eta ez ikusten ditugula uste dugunak. Ikustera bultzatu gaituztenak. Derrigortu gaituztenak.