Maitane Irurtzun eta Gorka Duran hirugarren Euskal Herriko Dantza Txapelketan

Ataria 2020ko urriaren 19a

Oinkari dantza taldeko kideak dira Irurtzun adunarra eta Duran billabonatarra. Lehen aldia zuten Seguran, eta Guillermo Areizaga sari berezia ere jaso dute, ondoen sailkatu diren debutariak izateagatik.

Segurako Baratze pilotalekuan larunbatean jokatu zen, Euskal Herriko Dantza Txapelketa. 13 bikote bertaratu ziren 44. ekitaldirako, ia denak gipuzkoarrak. Hain zuzen, Sopelaren izenean atera ziren Maren Galvez lezoarra eta Gorka Granado sopelarra, azken hau Villabonako Oinkari dantza taldeko kidea da. Bizkaiko Foru Aldundiaren oroigarria jaso zuten lehen bikote bizkaitarra izategatik eta laugarren egin zuten sailkapen orokorrean.

Oiartzualdeko Katerin Artola eta Iker Belintxon dira Euskal Herriko dantzari txapeldun berriak eta txapeldunorde geratu dira Laura Bastida eta Ekain Uzkudun azpeitiarrak.

Lehen aldia izan arren, sailkapenean hirugarren egin zuten Maitane Irurtzun adunarrak eta Gorka Duran billabonatarrak. 1977an lehen aldiz antolatu eta hurrengo urteetan txapelketa bultzatu zuen segurarraren izena daraman Guillermo Areizaga sari berezia eman zieten Oinkari dantza taldeko kideei, lehen aldiz parte hartu eta ondoen sailkatutako bikotea izateagatik. 

Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea eta Garazi Bengoetxea kultura zinegotzia Seguran izan ziren larunbatean eskualdeko dantzariak animatzen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!