BABESTUTAKO EDUKIA

Heriotzaren inguruko gaiei bizia emanez

Mandalara 2020ko urr. 20a, 08:58

Heriotzari Bizia Ematen jaialdia egingo da estatu osoan azaroaren 1etik 7ra bitartean. Besteak beste, honako gaiak landuko dituzte ekitaldi desberdinen bidez: heriotza, dolu prozesuak, zainketa aringarriak, komunitate errukitsuak, etab.

Heriotza betidanik izan da gai interesgarria sakonean lantzeko, baina, izurritea hasi zenetik, gizartean are pisu handiagoa hartu du. Hala uste du Amaia Gozategik, jaialdiko antolakuntzako kideak. «Heriotzaren gaiari ikusgarritasuna ematea da festibalaren xede nagusia, gaia bistara atera eta patxadaz lantzeko», azaldu du. Izan ere, Gozategiren iritziz, osasun krisiak agerian utzi duen bezala, gizarteak oraindik lan asko du egiteko heriotzaren inguruko gaien gainean. Hala, estatu mailako egitasmoa antolatu dute: Festival Dando Vida a la Muerte (Heriotzari Bizia Ematen jaialdia). Donostian, Bilbon, Madrilen eta Mallorkan egingo dituzte ekimen nagusiak, baina EAEko hainbat txokotan ere antolatu dituzte erakusketak, bilkurak, hilerrietara bisitak, poesia errezitaldiak, hitzaldiak, zine-forumak,...

Lehen edizio honetan, ezinbestean, pandemia kontuan hartuz landuko dituzte gaiak profesionalek: «Jendeak gertatzen ari dena ulertu nahi du, eta saiatuko gara interes horri ahalik eta erantzun onena ematen».

Sarean eta aurrez aurre

«Itxialdiak iraun bitartean, Estatuko talde eta fundazio desberdinetako jendea ezagutzeko aukera izan nuen Internet bidez antolatutako ekimenetan. Bakoitza bere txokotik ekarpenak egiten ari zela ikusita, elkartu eta elkarrekin proiekturen bat abiaraztea adostu genuen,», dio Gozategik.

Programaren zati bat online izango bada ere, antolatzaileek saiatu nahi dute aurrez aurreko ekimenei ere eusten. «Izan ere, guretzat garrantzitsua da saioak publikoan izandako eragina bertatik ikustea», azaldu du antolatzaileak. Jaialdiak ahalik eta zabalkunde handiena izan dezan, programak bi alderdi izango ditu: bata orokorra, estatuko puntu guztietarako bera izango dena, eta bestea tokikoa, leku bakoitzeko jendeak antolatuta. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkie ekimenarekin bat egin duten tokian tokiko kolaboratzaileei. Programa kontsulta daiteke dandovidaalamuerte.org webgunean.

'Grand Death Cafe' eta 'Hil aurretik nahi dut...' horma

Heriotzari Bizia Ematen jaialdirako osatu duten programaren barruan, Death Cafe handi bat egingo dute. Plataforma baten bidez, mundu osoko jendea batera konektatuko da. «Parte hartzaileak gela birtual txikietan banatuko ditugu». Gelak hizkuntza irizpideen arabera antolatuko dituzte: ingelesez eta gaztelaniaz izango dira saioak.

Jaialdiaren barruan, beste dinamika bat ere jarriko dute martxan: «Herri eta hiriko txokoetan esaldi baten hasiera jarriko dugu: 'Hil aurretik nahi dut...'. Hala, herritarrengan eragin nahi dugu, jendeari hausnartzeko bide eman», azaldu du Gozategik. Gasteiz, Donostia, Tolosa, Irun, Orio, Zumaia, Mutrikuko hormetan abiatuko dute ekimena, eta, ziurrenik, leku gehiagotara ere zabalduko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!