IZT Kooperatibako Juani Lizaso kudeaketa arduradunak eraldaketa digitala «ezinbesteko baldintza» dela uste du, eta enpresa arloan hainbat abantaila dituela nabarmendu du: «Informazioa antolakundeen baliorik garrantzitsuena da; informazio horren ustiaketa egoki batek abantailak eskaini ditzake merkatuan lehiatzeko, talentua eskuratzeko eta erabaki egokiak hartzeko». Mota guztietako enpresek sortzen dute informazioa. Talde handiek datu gehiago sortu eta kudeatu beharko dituzte, baina enpresa guztiek dute haien arloan beharrezkoa den informazioa, horien artean, bezeroen eta eskaeren datuak, hornitzaileen kontaktuak, diru transakzioak…
«Bada eraldaketa digitala horretan datza: informazio ahalik eta gehiena, modurik eraginkorrenean prozesatu eta erabiltzeko gaitasuna eskuratzean», horrela definitu du Amaia Galvezek, IZT Kooperatibako programa arduradunak, eraldaketa digitala. Prozesu hori abiatzeko enpresa bakoitzak bere bide propioa egin behar du, izan ere, eraldaketa digitalaren atal garrantzitsu bat enpresaren barne prozesuen digitalizazioa da. Hainbat atal biltzen ditu prozesuak, alde batetik, enpresa bateko lankideek, bezeroek eta kolaboratzaileek informazioa online partekatzea; bestetik, enpresa bezeroekin, hornitzaileekin eta merkatuarekin erlazionatzeko azkartasuna eta gardentasuna bermatzen ditu; eta azkenik, enpresari aukera ematen dio eskuratutako informazioa negozioaren norabidearekin bateratu eta abantailak lortzeko.
Eraldaketa digitalaren adibide dugu, esaterako, telelana. Langileei edonondik lan egiteko aukera ematen die, eta Lizasoren esanetan, edozein gailutan egonda ere, enpresako instalakuntzetan bezala lan egitea ahalbidetzen du. Enpresa batek bezeroekin harremana egiteko moduan ere eragiten du. Gaur egungo kontsumitzaileek erosketak egiteko erosotasuna, erraztasuna, informazio gardentasuna, online eta edonoiz egiteko aukera bilatzen dute; horretara egokitzeko, tresna baliagarria izan liteke eraldaketa digitala. Dena dela, Galvezek merkatuaren errealitatea eta ezaugarriak aztertu behar direla nabarmendu du: «Badakigu enpresa txikiek ezingo dutela merkatuko erraldoiekin lehiatu, baina esparru digitalean ere azpimarratu daitezke hainbat indargune: hurbiltasuna, eraginkortasuna, kalitatea, arreta zerbitzua..».
Sarearen segurtasuna
Eraldaketa digitalaren ezaugarri nabarmena da informazioa Internetera eramatea eta mundu mailako sarean elkarlotzea; eta horrek mehatxu eta arrisku berriak sortarazi ditu. Mehatxu mota ezberdin ugari dago, eta sarearen garapenarekin batera sortzen dira berriak.
Zibersegurtasuna mehatxatzen duten eraso horietako gehienek informazioa lapurtzea edo bahitzea dute helburu. Horietako batzuk dira criptolocker eta antzeko ransomware-en erasoak. Horiek e-mailez jasotako loturak klikatzean sartzen dira sisteman eta bertako informazio guztia enkriptatzen dute. Ondoren, informazioa berreskuratzeko diru kopuru jakin bat eskatzen dute; beste hitz batzuekin esanda, lehenik informazioa bahitzen dute, eta gero, erreskatea eskatzen dute. Lizasok erabiltzaile guztiei eragiten dien arrisku bat direla uste du: «Eraso horiek arrisku errealak dira guztiontzat. Horien biktima izan dira, esaterako, udalak, ikastetxeak, multinazionalak... Zibersegurtasun institutuaren arabera euskal enpresek egunero 2.400 erasotik gora jasaten dituzte».
Erasoen aurrean defendatzeko, IZT Kooperatibako langileek bi motatako neurriak proposatzen dituzte: batetik, informazio sistema babestu behar da. Segurtasun fisikoa eta logikoa eskainiko duen diseinu egoki bat inplementatzea gomendatzen dute; eta bestetik, segurtasun politikak zehaztu behar dira enpresako talde guztiek informazio sistema baliatzeko prozedurak garbi izan ditzaten.
Lizasok eraldaketa digitalaren prozesua abiatzea ere gomendatu die enpresei eta udalei, bere hitzetan: «Hasi ez direnek lehenbailehen hasi beharko lukete. Orduan eta gehiago itxaron, orduan eta tarte handiagoa sortuko zaie beste enpresekiko, eta atzean geratu daitezke». Iritzi berekoa da Galvez, eta horrez gain, aholkulariei laguntza eskatzea ere oso garrantzitsua delakoan dago: «Estrategia ondo definitzea eta sistemaren diseinu egoki bat egitea ezinbestekoak dira arrakasta lortu nahi bada. Inbertsioak egin behar dira baina norabide egokian planteatuz gero, horien itzulera lor daiteke».