Tolosaldeko ospitale publikoa

Sagardui: "Gu betidanik ari gara Tolosaldean osasun publikoa bermatzeko hitz egiten"

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 15a, 10:24
Iturria: Irekia

Gotzone Sagardui Osasun sailburua elkarrizketatu dute gaur, Euskadi Irratiko Faktoria saioan, eta Tolosaldean ospitale berri bat egitearen inguruko proiekturik ba ote dagoen galdetuta esan du "Tolosaldean osasun publikoko zerbitzua eskaintzeko lan egiten genuen, egiten dugu eta lanean jarraituko dugu".

Azken 35 urteetan lehen aldiz elkarrizketatu ahal izan dute Euskadi Irratian Osasun sailburu bat, Gotzone Sagardui euskalduna baita. Faktoria saioan hitz egin du.

Elkarrizketan Tolosako Asuncion klinikan emandako agerraldiari buruz galdetu diote eta esan du "Tolosan hainbat neurri hartu genituen pasa den astean Tolosa eta inguruko herrietako osasun zerbitzua bermatzeko, eta momentu honetan astelehena arte itxarongo dute ohiko jardunera bueltatzeko".

Langileek salatu dute babes neurri egokirik gabe aritu direla lanean eta kudeaketa pribatua duen zentro batean gertatu izanari egotzi diote. "Nire ustez bi gauza desberdin ari dira nahasten, eta guk egin behar duguna da dagoen egoera hobetu eta Tolosan osasun zerbitzua behar den bezala eman dadin lan egitea".

Ospitale publikoaren inguruan hitz egiteko garaia iritsi ote den galdetuta esan du  "gu betidanik ari gara Tolosaldean osasun publikoa bermatzeko hitz egiten, ez da pandemiarengatik ere, aurretik hitz egiten genuen, orain ari gara hitz egiten eta hitz egiten jarraituko dugu. Euskadin osasun publikoa denentzat da, beraz ez dut uste orain ezer berririk dagoenik". Eta kazetariak ospitale publikoa egiteko proiekturik ba ote dagoen galdetu dionean esan du "berriro esango dut, Tolosaldean osasun publiko bat egoteko lehenik egiten genuen lan, egiten dugu lan eta lanean jarraituko dugu".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!