Jon Erasun: «Greba badago, ez dut partida jokatuko»

Asier Imaz 2020ko urr. 15a, 15:59

Erasunek Eskuz Banakako Promozio Txapelketako aurre kanporaketa du larunbatean, Zubizarreta III.aren aurka.

Pilota profesionalaren egoera nahasia da eta oraindik ez dago ziur igandean jokatzekoa den Binakako Txapelketaren finala azkenean egun horretan jokatuko den. ELA sindikatuak epaitegietara jo du, greban zeuden Baikoko bi pilotariri, Agirre eta Albisuri, finalerdietako partida galdutzat eman zitzaielako norgehiagokara ez azaltzeagatik. Bien bitartean, Jon Erasun Baikoko pilotari zizurkildarrak hitzordu garrantzitsua du larunbat honetan, Etxebarriko frontoian. 17:30ean hasiko den jaialdian Eskuz Banakako Promozio Txapelketako aurre kanporaketa jokatuko du Zubizarreta III.aren aurka. «Oraingoz, jokatzeko entrenatzen ari gara», zehaztu du Erasunek. «Ez badago konponbiderik, greban jarraituko genuke eta ez nuke jokatuko partida».

Egoera «konplikatua» bizitzen ari direla gaineratu du Erasunek: «Ez gabiltza gustura, eta ea pixkana irtenbidea topatzen zaion, eta berriz ere pilotan jokatzeko prest jartzen garen». Zizurkildarrak ez daki zer egingo duen Zubizarreta III.ak greba deialdiak bere horretan jarraitzen badu. Orain gutxi egin du debuta eta ez da egon Baikoko pilotariek egin dituzten prentsa agerraldietan. Pilotariak aurreko astean elkartu ziren enpresarekin, baina ez zen akordiorik izan eta horregatik grebarekin hasi ziren aurreko asteburuan. Aste honetan ez dago oraingoz beste bilerarako deialdirik, eta zain daude pilotariak enpresaren aldetik zer pauso emango diren.

Egoera argitu bitartean, Erasun larunbateko partidarako entrenatzen ari da. Ez du aurkari erraza partida horretarako, Zubizarreta profesionaletara igo berria bada ere, afizionatuetan hainbat txapelketa irabazitako aurrelaria baita. «Aurkari zaila da. Orain egin du debuta, baina partidak irabazten ari da, oso ondo jokatuz», esan du zizurkildarrak. «Uste dut nire lana oso ondo egin beharko dudala berari lana emateko».

2018an Promozio Txapelketako finalera iritsi zen Erasun eta orduan izugarrizko defentsa erakutsi zuen. «Orduan maila ona eman nuen, eta nire helburua da oraingoan hobea ematea. Saiatzen naiz nik galdu gabe, ea besteek tantoa egiten didaten. Defentsan uste dut gehiago hobetu dezakedala. Airez ere luzeago ateraz gero, besteek ere urrutiagotik jotzen dute eta min gutxiago egiten dizute. Beti ere hobetu daitezkeen xehetasunak izaten dira».

ALTUNA III.A, AMEZKETAN

Aspe enpresak antolatuta, pilota profesionaleko jaialdia izango da bihar Amezketan, Larrunarri frontoian, eta bertan parte hartuko du Jokin Altuna herritarrak. 21:15ean hasiko da jaialdia, eta lehenengo partidan Darioren eta Peio Etxeberriaren arteko neurketa izango da, Eskuz Banakako Txapelketaren aurre kanporaketari dagokiona. Bigarren partidan, Irribarria-Ladis Galarza eta Altuna III-Bikuña bikoteen arteko partida jokatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!