Larunbatean manifestazioa egingo da Tolosan, Asuncion klinikan egondako agerraldiari lotuta. Ospitaleko hainbat langile eta herritarrek deitu dute eta hori babestuz argazki jendetsua atera dute. Tolosaldeko ospitalean izandako agerraldiarekin «nazkatuta» daudela esan dute; «urteak dira eskualde honetako osasun arretaren gabeziak salatzen ari garela».
Eskualdean «bigarren mailako» arreta jasotzen dela salatu dute, «askotan esan dugu, beste eskualdeetako osasun arreta berdina nahi dugu, kalitatezkoa eta publikoa». Hori dela eta, eta azken berriak ikusita, «aski da» esateko garaia dela uste dute. «Ez gaude egoera hau onartzeko prest eta argi dugu, hau ez dela kasualitatea. Interes ekonomikoak, osasun arretaren gainetik jartzearen ondorio da», gaineratu dute.
Zuria den zerbait
Herritar guztiei larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diete eta eskatu dute manifestaziora kamiseta, beroki, aterki, bufanda edota beste elementu zuriren bat eramateko. Era berean, gaur 18:00etan Zerkausian kartelak jartzeko bilduko direla esan dute, eta bertaratzeko deia egin.
EH Bilduren babesa
Tolosaldeko EH Bilduk larunbateko manifestazioa babestu du. «Egoera honek garbi azaleratzen du Tolosaldean aspalditik aldarrikatzen dugun osasun arreta publiko integral baten beharra. Garbi daukagu gertatutakoa ez dela kasualitatea izan, urte askotako kudeaketa pribatuak eragindako emaitza zuzena baizik. Tolosaldeko herritarrak eta Asuncion klinikako langileak interes ekonomikoa lehen planoan jartzen duen osasungintza eredu baten menpe egoten jarraitzen dugu». Kalitatezko osasungintza publiko eta euskalduna aldarrikatuko dutela esan dute.