Kale Kantoitik

Donald Trump ezgizona

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2020ko urr. 13a, 11:31

Donald Trump tranposo zikin bat besterik ez da. Bere burua saldu nahi izan du enpresa gizon handi, aberats gisa, bizitzan izugarrizko arrakasta lortu duena. Horrez gain, sinetsarazi nahi izan digu ausarta eta menderaezina dela, zuzena, kristaua, printzipioz beteriko gizona.

Eta zein da egia? Biblia eskuetan hartuta kapera bat bisitatzera joanagatik ez dela sinestuna eta hiru aldiz ezkondu dela, bi dibortzio izan ondoren. Kristoren erakutsiak eta haren dotrina hankartetik pasatu ditu, lagun hurkoa mespretxatuz eta beltzak eta hispanoak ia animaliatzat hartuz. Mende ezegokian jaio zen munstro hau, esklabismoaren garaian eta Ku Klux Klan zuri supremazisten garaian jaio behar baitzuen. Kristauak erabili egin ditu, batez ere ebanjelistak, bere aldeko kanpaina egiteko. Bere enpresek, The New York Times-ek dioenez, 650 milioi dolarreko zorrak dituzte eta Manhattan-en daukan bulego-eraikin handi batek 950 milioiko maileguaren karga izugarria du, akreedore garrantzitsuenetakoa Txinako Bankua delarik. 

Horrez gain, azken hamar urteetan ia ez du zergarik ordaindu, bere patriotismoa eta Amerikarenganako aitortutako maitasuna asmakizun hutsa dela agerian utziz. Azken bi urteetan 750 dolar bakarrik ordaindu ditu zergatan, kalegarbitzaile batek baino gutxiago. Horretarako amarru zikinak erabili ditu, Ogasunari enpresa batzuen bitartez asko ordaindu diola aitortuz eta galerak eduki dituen enpresetako zuloak estaltzeko Ogasunari diru mordoa itzularaziz.


Bere handitasuna eta jakinduria ezerezaren hurrengoak dira. Covid-19aren aurrean jarrera kriminala eduki duela esan liteke, jendea lejia edatera gonbidatuz edota musukoa erabiltzearen aurkako jarrera defendatuz. Bere taldean 30 pertsonatik gora kutsatu ditu. Bideni, bien arteko eztabaidan, iseka egin zion musukoa erabiltzeagatik eta gizon kaxkar eta koldartzat hartu zuen. Aurkariaren jarduna eten egin zuen noiznahi, irainduz eta zentzurik gabeko argudioak jaurtiz. Chris Wallace moderatzailea ere kikildu egin zuen builaka hitz eginez eta bere hizketarako denbora gaindituz. Hanpako harroputz eta gaizkile baten antzera jokatu zuen, gizatasun zantzu txikienik azaldu gabe. Eta okerrena, uste da, eztabaida hartara Covid-19aren eraginpean joan zela, inguruko guztiak arriskuan jarriz. Eta hara non gizon harroputz astakirten hura gaixotasunaren atzaparretan erori zen mundu guztiaren aurrean barregarri geldituz. Otsoari beldurrik ez ziona otsoak harrapatu. Eta hemen ere bere harrokeriak eta handikeriak agerian utzi behar izan ditu. Badakigu nahiko larri egon dela, arnasa hartu ezinik eta oxigenoa eman behar izan diotela. Tratamendurik gogorrenak eta ustez aurreratuenak ere eman dizkiote ia denak batera edo nahiko denbora gutxian eta oraindik ez da guztiz sendatua ikusten, berak itxura hori emateko ahaleginak egiten baditu ere. Baina helikopteroan joan zen Etxe Zurira musika epikoa jarriz eta gero jendaurrean agertu zen musukoa kenduta berriro ere. Artaburuek ez daukate erremediorik.


Ultraeskuineko arma-zaleei eta zuri supremazistei hauspoa eman die eta ondorio larria gertatzeko arriskua egon da EEBBetan. Michigango gobernadora bahitzeko ahalegina egin zuen “Otsokume zaindariak” izeneko eskuin muturreko talde armatuak. Hura bahitu, epaiketa itxura egin eta hiltzeko asmoa zuen taldeak. Aurrez, Trumpek esana zuen “Aska ezazue Michigan”, gobernadorak konfinamendua jarri zuelako. Eta milizia armatuak gobernadora hil ondoren segurtasuneko indarrei eraso egin eta gerra zibila eragiteko asmoa omen zuen. Ez dakit hainbesteraino izango zen, baina ultraeskuinar horiek triskantza handiak egin dituzte jadanik beltzekin eta handiagoak egiteko prest egotea batere ez harritu. Trump bezalako ezgizon ero baten bultzada nahikoa izan liteke aberia handi bat egiteko EEBBetako gizartean.


Trumpek agerian utzi du “bluf” hutsa dela, itxura, pintura eta txapa pixka batekin dotore jarri eta azpian “gixon” edo ezgizon kaxkar, txepel, handiusteko bat. Ea behingoz hauteskunde hauek hankaz gora botatzen duten eta bere zorrekin eta bere itxura harroputz horrekin geratzen den betiko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!