Koronabirusa

ELAk Asuncion klinikak pandemiaren aurrean egindako kudeaketa salatu du

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 13a, 09:47

Sindikatuak Tolosaldeko ospitaleko zuzendaritzaren kudeaketa "txarra" dela esan du; "agerraldi honen aurrean ez du aurreikuspen eta ardura nahikoarekin jokatu".

ELA sindikatuaren ustez, Asuncion klinikako zuzendaritzak ez du ondo kudeatu bertan eman den agerraldia. 41 kutsatu daude eta gehienak lanean kutsatu diren langileak direla nabarmendu du. 35 dira kutsatutako langileak eta 6 pazienteak."ELAk salatu nahi du ospitaleko zuzendaritza pandemiaren kudeaketa txarra egiten ari dela eta agerraldi honen aurrean ez duela aurreikuspen eta ardura nahikoarekin jokatu", esan du.

Horiek horrela, pazienteen banaketa ez dela ondo egiten esan du: "positibo eman dutenak eta negatibo direnak planta beran daude eta agerraldi kasu honetan ere ez da aldaketarik egon". Langileei dagokienez, lan txanda bakoitzean positibo diren eta ez diren pazienteekin lan egiten dutela salatu du. Ez direla PCR proba nahikorik egin esan du ere, izan ere, langileei martxoan egin zieten lehen odol analisia sindikatuaren hitzetan eta orain arte ez diete PCR probarik egin, "ezta paziente positiboekin lanean aritzen direnei ere. Are gehiago, oporretatik bueltatu diren langileak ere inongo probarik egin gabe hasi dira lanean".

Sindikatuak salatu du ere langileei PCR probak egin ostean emaitza 24 ordutara jaso dutela, eta tarte horretan positiboak ziren langileak lanean egon direla.  "Bisiten eta pazienteen sarrera eta irteeratan ere nahikoa kontrol ez dago, askotan pazienteen bisitetako protokoloak ez baitira betetzen".

Asuncion klinikaren azken asteetako kudeaketa salatzearekin batera, ELAk esan du Tolosaldeak ospitale publikoa behar duela eta ez "irabazi asmoak dituen enpresa pribatu batek kudeatutako osasun zerbitzu bat". "Horrelako kudeaketa batean ez da behin ere zerbitzuaren kalitatea eta langileen baldintza zein segurtasuna lehentasuna izango", gaineratu du.

Eskualdeko hainbat herritar eta klinikako langileek larunbaterako deitutako manifestazioarekin bat egiten duela esan du. Manifestazioa 12:30ean irtengo da Tolosako udaletxe aurretik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!