Asteburuan PCR probak egin zaizkie Asuncion klinikako langile guztiei eta 35 pertsona kutsatuta daudela agerian utzi dute emaitzek. Horrekin batera ospitaleratutako pazienteen artean 6 dira kutsatutakoak.
Egoera honen aurrean klinikako zuzendaritzak erabaki du, astearte eta asteazkeneko jarduera kirurgikoa etetea. Nolanahi ere, espezialitate guztietako kanpo kontsulta guztiak mantenduko direla jakinarazi dute klinikako iturriek, bai ospitalean eta baita Andoaingo, Ordiziako eta Belateko guneetan ere. Larrialdietara joaten diren pazienteak ere artatuko dira, baina ospitaleratzea eskatzen duten kasuak Bidasoako Eskualdeko Ospitalera bideratuko dituzte.
Ohar batean Asuncion klinikak esan du, kutsatutako profesional guztiek eta haien zuzenekok kontaktuek konfinatuta jarraitzen dutela. Datozen lau asteetan, zazpi egunetik behin egingo zaizkie testak gainerako langileei eta pazienteei. Fokua ahalik eta gehien desagerrarazteko, zentroko instalazio guztiak sakon desinfektatuko dituzte. Era berean, gela bakoitzean paziente bakarra ospitaleratuta egotearen neurria mantenduko da, baita paziente horientzako laguntzaileen murrizketa ere.
Klinikak aipatu du hartutako neurri guztiak Eusko Jaurlaritzako Osasun sailarekin adostu direla eta "lankidetza estuan" ari direla lehen kutsatzeak detektatu zirenetik.