[GUTUNA] Urriaren 12a, Sahararen nazio-batasunerako eguna

Said Boushab 2020ko urr. 12a, 15:58

1975eko urriaren 12an Espainiak gure lurraldetik alde egin zuen, eta saharar herria babesgabe utzi zuen.

El Yamaaren kide ohiak espainiar gorteen ordezkariak ziren Espainiaren 53. probintzian (Mendebaldeko Saharan). Gaur egun eremu hori Mendebaldeko Sahara da, Marokok okupatua, Espainiaren, Marokoren eta Mauritaniaren arteko hiruko akordioaren ondoren. El Yamaakoak Ain Bentilen bildu ziren eta beraien babesa erakutsi zioten Frente Polisarioari, eta saharar herriaren bidezko ordezkari bakarra hura dela adierazi zuten.  Azken horrek urriaren 12a izendatu zuen nazio-batasunaren egun; guk urtero ospatzen dugu egun hori, gurean tinko eusteko eta gure batasuna sendotzeko. Soilik horrela lortuko ditugu gure helburuak erabateko independentziaren bidean, Maroko okupatzailearen eta haren aliatu franko-espainiarren aurrean.

NBEk gatazkan esku hartu zuenean, MINURSO batzordea eratu zen, autodeterminazio-erreferenduma egin zedin. Baina erreferendum hori ez da sekula egin, nahiz eta badiren 29 urte su-etena hasi zenetik. Batzorde horrek ez ditu sahararren giza eskubideak babesten, ezta Mendebaldeko Sahararen natura-baliabideen ustiapena ere.

Gaur egun, saharar herria eta gizarte zibila akituta daude itxaroteaz, eta NBEko konplizeez, eta baita NBEren segurtasun batzordean Frantziak ezarritako betoaz ere, nazioarteko legediaren aurkakoa baita beto hori, eta gatazkari irtenbidea aurkitzearen aurkakoa ere bai.

CARGARATeko puntu ilegalean errebindikazio-kanpamentu bat antolatu duten herrikideekin bat egiten dugu; itxi egingo dugu, eta gelditu egingo ditugu gure baliabideen ustiapena eta lapurreta.

1_Euskal herritarrei eta bertako erakundeei eskatzen diegu elkartasuna izan dezatela saharar herriarekin, eta nazioarteko erakundeetara iritsaraz dezatela gure mezua, horrela gure herritarrak babesteko kartzeletako gehiegikerien eta tratu txarren aurrean. Halaber, Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetara giza eskubideen begiraleak bidal ditzatela eskatzen dugu.

2_Gure diasporari eskatzen diogu elkartasuna izan dezatela beren herrikideekin, modu baketsuan ari baitira aurre egiten Marokoren okupazioari, nahiz eta etxeak inguratuta dituzten kalez jantzitako polizia marokoarrekin.

3_Askatasunaren eta giza eskubideen defendatzaile guztiei eskatzen diegu saharar errefuxiatuen alde egin dezatela egoera zail honen aurrean.


Borrokak ez du etenik gure independentzia erabatekoa lortu arte.

 

Said Boushab

Gipuzkoako Saharar Kolektiboaren Lehendakaria

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!