Aingeru Senperenak jantzi du txapela

Leyre Carrasco 2020ko urr. 11a, 17:08

Aingeru Senperena goiaztarrak eta Mikel Merino donostiarrak lortu dute txapela janztea gaur jokatu duten Euskal Pilota Egokitua Laboral Kutxa Sari Nagusiaren finalean.

Euskal Pilota Egokitua Laboral Kutxa Sari Nagusien finalak jokatu da gaur, Errenteriako Agustina Otaola pilotalekuan. Osasun pandemia dela eta hartu beharreko segurtasun neurriak gogor errespetatu dira eta egoera horren eraginez, 155 ikusle baino ezin izan dute pilotalekura sartu, 100 pilotazale inguru kanpoan utziz. Hala ere, pilotazale guzti horien babesean, adimen urritasunen modalitatean Leire Esnal-Eneko Sagarmendik eta urritasun fisikoaren modalitatean Aingeru Senperena-Mikel Merinok jantzi dituzte Euskal Pilota Egokitua Laboral Kutxa Sari Nagusien txapelak.

Oso final desberdinak izan dira Errenterian ikusitakoak. Adimen urritasuna dute pilotarien finalean, Leire Esnalek eta Eneko Sagarmendik uste baino errazago defendatu ahal izan dituzte iaz lortutako txapelak Iñaki Divasson-Xabier Arizkorretari 25-11 irabazita. Bikote sendoa, oso sendoa osatzen dute Zumaiako aurrelari ezkerrak eta etxean jokatu duen atzelariak. 2016an Gipuzkoako txapela elkarrekin lortu zutenetik asko jokatu dute elkarrekin, eta gaur ere maila bikainean aritu dira. Iñaki Divasson eta Xabier Arizkorreta, aldiz, 4-5 aurreratu badira ere, euren mailarik onenetik urrun aritu dira, urduritasunak asko eragin die eta ez dute partidaren sartzerik lortu. Kantxako euren posizioak aldatuta erreakzio txiki bat izan duten arren, urrun geratu dira txapeletik.

Oso bestelakoa izan da urritasun fisikoa duten pilotarien arteko finala, hemen oreka eta emozioa amaierara arte protagonista izan dira partidan zehar zenbait gorabehera izan arren eta pilotazaleak txundituta geratu dira, mugan muga, lau pilotariek erakutsitako joko eta gaitasunekin. Azkenean, Aingeru Senperena eta Mikel Merinok jantzi dituzte txapelak, Hilario Olano eta Beñat Lizasori 22-25 gailenduta. Edozein modalitatean, binakako partidetan oso garrantzitsuak izan ohi da bikoteek bikotea osatzea, elkar ondo ulertu eta esfortzuak elkarbanatzea, eta hori izan da, hein handi batean goiaztarra eta donostiarraren gaipenaren giltza. Gorrien artean berriz, maila bikaina eman duen Beñat Lizasori azkenerako lanak pilatu zaizkio eta ezin izan diote erditik aurrera oso zail jarri zaien partidari buelta eman. Izan ere, partidaren lehen erdia oso orekatua izan ostean, hamarna ere joan dira, hein handi batean gorriek egindako huts batzuei esker, Senperena-Merino 11-19 ere aurreratu dira. Olano-Lizasok, ordea, ez dute amorerik eman eta atzelariaren erakustaldi bati esker, bikain mugitu du pilota alde batetik bestera partida orekatzea lortu dute, 21-21. Azken txanpan, ordea, urdinak sendoago aritu eta txapelak eskuratu dituzte.

Omenaldia

Aspaldi ikusi zuen Mindara elkarteko bultzatzaileetako bat izan zen Mikel Izagirre euskal pilota inklusiorako tresna eraginkorrenetako bat zela, gaur, Errenteriako bere herriak omenaldi xume eta sentitu bat eskaini dion egunean, tresna hori eraginkorra ez ezik, erakargarria, oso erakargarria ere izan daitekeela berretsi da txiki geratu den Agustina Otaola pilotalekuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!