Mintzalagun taldeak herri gehiagotara hedatu nahi ditu Galtzaundik

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 8a, 11:00

Mintzalaguna egitasmoan izena emateko aukera zabaldu dute; euskara praktikatuz edo euskara praktikatzen lagunduz har daiteke parte, eta doakoa da.

Ikasturte berria hastearekin batera, Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko aukera zabalik dago. Galtzaundi euskara taldeak azaldu duenez, izen ematea ireki dute, eta horretarako bi modu daudela gogoratu dute. Euskara praktikatuz (bidelaria) eta euskara praktikatzen lagunduz (bidelaguna). Mintzalagun bihurtzeko baldintza bakarrak, euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea dira. Izen ematea doakoa da eta ikasturte osoan dago irekita. Beraz, mintzalagunean parte hartu nahi dutenek herriko udaletxera edota Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzara jo behar dute izena ematera. Bestetik, online emateko aukera ere badago www.galtzaundi.eus edota mintzalaguna.topagunea.eus webguneetan.

Euskaraz hitz egin ohi duten pertsonak euskaraz egin nahi duten pertsonekin euskaraz aritzeko elkartzen dituen programa da Mintzalaguna, eta Galtzaunditik esan dutenez, parte hartzen dutenek «euskaraz bizi nahi dutelako, beldurrei aurre egin nahi dietelako, ahaztutakoak berriz gogorarazteko, euskara maila hobetzeko edota euskaraz gozatzeko ematen dute izena».

Mintzalagunak bospasei laguneko taldetan elkarturik adiskide giroan arituko direla hizketan esan du Galtzaundik, «pixkanaka sumatuko dute mintzapraktikaren efektua: kalean ere imajinatzen ez luketen hamaika pertsonekin hasiko dira euskaraz hitz egiten. Horrela, euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi dutenak eta euskaraz normaltasunez aritzen diren laguntzaileekin mintzapraktika taldeak antolatzen ditugu».


Tolosaldean, Alkiza, Altzo, Anoeta, Ibarra, Ikaztegieta, Lizartza, Irura, Tolosa, Villabona eta Zizurkilen daude egun Mintzalagun taldeak, eta eskualdeko herri gehiagotara zabaltzea da Galtzaundiren asmoa. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera, «bai euskara praktikatu nahi dutenak eta baita euskara praktikatu nahi duten horiei laguntzeko prest daudenak». «Mintzalaguna egitasmoa parte hartzen duten Tolosaldeko herritarrek euskaraz bizi nahi dutelako, beldurrei aurre egin nahi dietelako, ahaztutakoak berriz gogorarazteko, euskara maila hobetzeko edota euskaraz gozatzeko ematen dute izena», gaineratu du euskara taldeak.

Euskal Herri osoko sarea

Mintzalagunen sarea zabalduz eta sendotuz doa Euskal Herrian zehar: 7.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten aurreko urtean. Eta gero eta gehiago dira, baita Tolosaldean ere Mintzalagunean parte hartzen dutenak. Zehazki, pasa den ikasturtean 100dik gora lagunek hartu zuten parte eta Euskal Herrian 21 herri eta eskualdek hartu dute parte aurtengo kanpainan.

Beraz, herritar guztiak gonbidatu nahi dira parte hartzera; bai euskara praktikatu nahi dutenak eta baita ere, euskara praktikatu nahi duten horiei laguntzeko prest daudenak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!