«Jendeak eskatzen duen horretara egokitzen ari gara»

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko urr. 7a, 19:59

Uztaila amaieran ireki zuen Abaltzisketako Larraitz auzoko Ñañarri jatetxe berritua, eta hasiera ona eman badiote ere, «neurria» hartu nahian ari da oraindik Amaia Urkola.

Jaiotzez zaldibiarra da Amaia Urkola eta Amezketan bizi da. Ondo baino hobeto ezagutzen du bi herriak lotzen dituen Abaltzisketatik barrenako bidea, eta orain, Larraitzen aurkitu du lana. Ñañarri jatetxearen ardura du uztaila amaieraz geroztik, eta «gustura» dago abaltzisketarrekin.

Hilabete pare bat pasa dira ireki zenuela Ñañarri jatetxea. Zer moduzko hasiera izan da?

Gauzak diren bezala esanda gogorra eta eromena izan da. Zerotik hasi behar izan dugu, eta jendetzaren kontrolik ez dugu izan. Hori ezin dugu kontrolatu, eta etorri, etorri eta etorri izan da.

Jendeak ondo erantzun du.

Bai. Uste baino gehiago izan da, eta erantzun ezinean ibili gara. Egia da beldurrarekin ireki genuela egoera zela eta, baina jendeak oso-oso ondo erantzun du.

Egoera berezian egokitu zaizue irekiera.

Bai. Eta beldur ginen. Ez genekien jendeak zer egingo zuen, eta itxura denez jendea hemen geratu da udan, edo ez dakit hemen geratu den, baina etorri behintzat jende asko egin da. Eguna joan eta etorri, jendea eta jendea izan dugu. Atsedenerako tarterik gabe. Garbi esanda hori da behar duguna, baina hasiera oso gogorra izan da.

Oporrak bukatu direla antzeman duzue?

Bai, batik bat eguerdietan. Menu askorekin ibili gara, eta orain asko jaitsi da lan erritmoa. Agian gaizki ohitu gara hasieran, eta orain gutxi iruditzen zaigu. Iluntzetan ez hainbeste. Ia orain arte eguraldi oso onak egin ditu, eta jendea ibili da. Asteburuetan ere topera jarraitu dugu.

Leku ederrean dago kokatuta.

Bai, oso toki onean dago. Paseko jendea asko ibiltzen da, baina baita bertakoa ere. Denetarik dabil. Jende ezagun asko, baina berriak ere asko dira.

Herritarrek eta inguruek ere ondo erantzun dute orduan.

Bai. Pentsatzen genuena baino gehiago, gustura gaude.

Nolabait obrak egin ostean zuei egokitu zaizue estreinatzea. Zer moduz jarri dute?

Ondo jarri dute. Sukaldetik jangelara eta barrarako irteerak ondo bideratuta daude, eta barra ere lanerako ondo dago.

Proiektu handia da. Nolatan animatu zinen?

Ez dakit zer den inbidia ala kuriositatea agian; banuen horrelako zerbaiti heltzeko gogoa. Bizitza guztia lanean, ostalaritzan urte asko eman ditut, eta beti nuen probatzeko nahia. Hemen sartu aurretik ere, Amezketan ostalaritzan ari nintzen.

Begiz jota zenuen Ñañarri?

Ez. Lehiaketako deialdia zabaldu zuten, eta orduan etxekoak ere animatuago zeuden. Badaezpada eskaintza egitea erabaki genuen. Eta, badaezpada horrek harrapatu egin gintuen. Ez nuen espero aukeratua izango nintzenik.

Eta behin aukeratua izatean.

Urruti ikusten nuen, eta hasieran bertigo handia sentitu nuen. Momentu batzuetan etsi ere bai, zer ari naizen egiten eta non sartu naizen pentsatzean.

Eta orain nola ari zara bizitzen egoera?

Alde batetik oso gustura, eta beste aldetik nekatuta ere bai; lan erritmoagatik eta egokitu zaigun hasieragatik.

Gustuko duzu ostalaritza?

Bai, bestela ez zara sartzen honelako lan batean. Garbia da, gustatzen zaizu edo ez zara hasten. Oso lan gogorra da. Sakrifizio askoko lana da. Ordu asko eta pazientzia ikaragarria behar da. Jende mota askorekin egin behar da lana, eta entzun ere asko egin behar da, baina gustura.

Zurea zer da sukaldea?

Dena. Denetik egin behar da. Mahaiak zerbitzatu, sukaldean, barran egon... baina normalean sukaldean egoten naiz. Sukaldea nik eramaten dut, eta ez zait jendea hor sartzea gustatzen. Horretan ikasi beharra daukadala uste dut. Laguntzaile bat dut, eta etxekoek asko laguntzen didate.

Laguntza beharrezkoa duzu.

Bai. Handia da, eta egia da jende gutxi gaudela lanean. Neurria hartuko diogu. Baina etxekoek asko lagundu didate, seme-alabetatik hasi, ilobak, anaia... asko tira dut etxekoetatik.

Zer eskaini nahi duzu?

Astean zehar eguneko menua eskaintzen dugu, eta asteburuetakoa ezberdinagoa dugu. Plater konbinatuak eta bokatak denetarikoak ditugu, eta azken batean, daukadan genero guztia eskaintzen da bai menuan edota plater konbinatuetan. Neguari begira mondejua eskaintzea erabaki dugu. Eskua badugu egiten, eta horretan aritu naiz, eta mondejua, zezina, ardi gisatua eskaintzen ari gara; edota babarruna bere sakramentu guztiekin eskaintzea ere bada ideia. Baina jendeak eskatzen duena eskaini nahi dugu. Jendeak galdetzen du, eta jendeak eskatzen duen horretara ere egokitzen ari gara. Jendeak bideratzen zaituela esango nuke nik. Esaterako mondejuen zain zegoen jendea, eta guk ere jakin behar dugu jendearen eskarietara egokitzen. Asteko menuetan gutxiago lan egitea tokatuko zaigu, eta asteburuei begira lan egin nahi dugu.

Zein ordutegi duzue?

Duela hilabete astelehenetan ixten hasi ginen. Ez da guretzako eguna, baizik eta garbiketa on bat egiteko edota mondejuak egiteko, hau da, irekita dagoen egunetan egin ezin diren gauzak egiteko. Gauza batzuk ezin dira egin barran zaudela. Gainerakoan, bederatziak aldera irekitzen dugu, eta itxi... jendearen arabera ixten dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!