Uda bat ilusio

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Mendiluze 2020ko urr. 5a, 09:43

2020; urte historikoa, alajaina. Gogoratuko dugu etorkizunean, nahi genukeena baino ederrago seguruenik. Gogorra izan zen lehen itzulia; telelana, konfinamendua, ziurgabetasunari begietara begiratzea. Baina hura igarotakoan, esan ziguten beroak Birusa hilko zuela eta zientzia gailenduko zitzaiola Gaitzari, eta guk hatzak gurutzatuz, hala izan zedila faborez.

Udaren ataria beti bada ilusio, aurtengoa are handiagoa izan zitekeen, mundu posible berriak imajinatzeko unea. Izan ere, udak badu karga sinboliko hori: berezia behar du izan, ahaztezina, magikoa. Literatura eta zinema mota jakinak oso gustuko dute uda beste urtaroak bezalakoa beharrean, koloretsuago eta kitzikagarriago erakustea, happykraziaren eta hollywooden izenean.

Haur eta gaztetxoei zuzendutako produktuek, adibidez, abenturak eta kanpaldiak, lagun berriak eta deskubrimendu handiak konbinatuz iradokitzen dute adin horretako baten udak nolakoa behar duen izan. Tipikoa da, halaber, protagonistak proiektu handiren bat ontzeko erabiltzea hilabeteok, hala nola hizkuntza bat ikasteko, liburu bat idazteko edo dokumental bat sortzeko, eta aitzakia hori baliatzea proiektuaren bueltako abenturak eta desbenturak harilkatzeko. Edo bestela, udako bildumetako best-seller askotan nahitaezko elementuak dira itsasoa eta eguzkia, eta gero paradisuko patxada gatzozpinduko duen amodiozko istorioren bat. Eta, irakurlearekin edo ikus-entzulearekin enpatizatzeko helburuz –eta arrakasta handiagoa izate aldera–, mastekatu beharrik gabeko edukiz elikatzen gaituzte.

Nago, horretako produktuen eraginez, ez ote dugun tantaka-tantaka udaren paisaia zehatzegia, iruditeria hertsiegia, osatu, eta haren faltan eta alternatibak bilatu beharrean, ez ote garen gure nahi eta ezinetan amildu, abisatu gabeko ez-uda baten aurrean. Definizioz gabezia den uda bat. 

Oraintxe sartzea egin dugu udazkenean. Ezjakintasunak, mugek eta egin ezinek orain artekoen berdintsuak izaten jarraituko dute, marea gora marea behera. Ez diegu, ordea, begi berberez begiratuko: eguneroko gurpilera itzultzearekin batera, gozamenak betebehar izateari utziko dio, eta zilegitasuna ez, onarpen osoa irabaziko du monotoniak. Akaso aurtengoan sinbolismoa arinduko genion uda kontzeptuari, edo ondo bidean, konturatuko ginen uda, ulerkera murritz horretan, ez dela gutxiengo baten eskura dagoen luxu baino.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!