Elkartasun eskaera

Leyre Carrasco 2020ko urr. 4a, 07:58

Tolosaldea Sahararekin Elkarteak material bilketa berria antolatu du urrirako Tolosaldeko hainbat herritan zehar. Oraingo honetan, umeen neguko arropa eta osasun arloko materiala biltzea eskatzen da; honela «gutxienez 300 maleta eramateko helburua» zehaztu du elkarteak.

Koronabirusaren eraginez aurtengo uda berezia izan da guztiontzat, baita eskualdeko herritar askorentzat ere. Aspaldiko urteetan, haur sahararrak etorri ez diren lehen aldia izan da aurten. Izan ere, Tolosaldea Sahararekin Elkarteak ezin izan du aurrera eraman Oporrak Bakean programa, eta horrek are eta gogorrago bihurtu du sahararren egoera.

Oporrak Bakean programaren bitartez, udako bi hilabeteetan zehar uztaila eta abuztua 10 eta 12 urte bitarteko haur sahararrek, basamortutik eta errefuxiatu kanpalekuetatik kanpo igarotzeko aukera izaten dute; bai familia euskaldunon etxeetan, baita Euskal Herriko hainbat herrietan dauden aterpetxeetan ere. Programa honek aukera ematen du umeak kanpalekuetako tenperatura altuetatik babesteko eta, bide batez, beharrezkoak dituzten mediku azterketak egin ahal izateko, baita elikadura osasuntsuagoa izateko ere. Guztira 4.000 haur saharar baino gehiagok bidaiatzen dute Espainiara, eta 300 Euskal Herrira. Baina aurtengo udan ez da bat bera ere etorri.

Asko eta asko dira laguntzeko prest dauden herritarrak, eta horren adibide dira Saharara bidaiatzen duten elkartasun karabanak. Urtean bi elkartasun karabana antolatzen dira saharar errefuxiatuen kanpalekuetara bidaiatzeko asmoarekin, bata otsailean eta bestea urrian. Egun bizi dugun pandemiaren eraginez, otsaileko elkartasun karabana oraindik ez da iritsi kanpalekuetara eta Alacanteko portuan dago mugak noiz irekiko dituzten zain.

Mugen itxierak kanpoko laguntza kanpalekuetara ez heltzea ekarri du, eta egoera honek Tolosaldea Sahararekin elkartearen kezka piztu du. «Une honetan sahararrek ez dute janaririk, horregatik ari gara jendeari laguntza eskatzen», azaldu du Gregorio Eizagirrek, Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak. Baina momentu honetan «garrantzitsuena» mugak irekitzea dela dio Eizagirrek; «hemendik bidaltzen ari garen material guztia bertara lehenbailehen iritsi behar da».

Bilketa humanitarioa

Geroz eta gauza gehiago izan eskuartean, sahararren egoera hobea izango dela dio Eizagirrek. Hori dela eta, Tolosaldea Sahararekin elkarteak urriko hilean material bilketa berria jarriko du martxan Tolosaldeko hainbat herritan zehar: Asteasu, Irura, Aduna, Berastegi, Anoeta eta Zizurkilen. Oraingo honetan, umeentzako neguko arropa eta pixoihalak eta osasun arloko materiala (maskarak, gel hidroalkoholikoak eta eskularruak) eskatzen da.

Azken bilketan aurreko urteetan baino material «gutxiago» bildu dutela adierazi du Eizagirrek. Hori dela eta, udalen laguntza ere «ezinbesteakoa» dela azpimarratu du. «Momentuz, Aduna, Asteasu, Amasa-Villabona, Anoeta, Irura, Leaburu eta Usurbilgo udalek eskaini digute laguntza», eta elkartearen izenean, bai udal baita herritarrenganako eskerra adierazi nahi izan du Eizagirrek.

Udalen laguntza

Tolosaldea Sahararekin elkartearekin batera, Tolosaldeko udalak dira herritarrak ekintzetan gogotsu parte har dezaten bultzatzen dituztenak. Oporrak Bakean programa gehienek babestu izan dute; saharar haurren bidaia ordainduz, euskal familiei laguntzak eskainiz, ekintza desberdinak antolatzen lagunduz… Baina aurtengo uda desberdina izan denez ezin izan da Oporrak Bakean programa aurrera eraman eta udalek lortu duten dirua beste premia batzuetarako erabili da.

Aduna

Horrez gain, hiru ibilgailu berri lortu dituzte; Aduna, Asteasu eta Usurbilek eskainita. Guztira 15 ibilgailu izango dira karabanarekin batera Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara iritsiko direnak. Baina ibilgailuez gain, Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetarako garraio azpiegiturei laguntza ere eskaini dutela adierazi du Josu Amilibia Adunako alkateak. «Bertan dagoen gasolindegia handitzea da asmoa, baita ibilgailuen hornitzea ere».

Horrez gain, Euskal Fondoaren bitartez 1.500 euroko laguntza ere emango diote elkarteari. «Urtero Euskal Fondoaren bitartez laguntza ematen diogu, 3.000 euro udalaren aurrekontuetatik, eta normalean Salvador eta Sahararen artean banatzen dugu», azaldu du Amilibiak.

Adunan eguberritan ospatuko dituzten ekintzei buruz ere aritu da Amilibia. Tolosaldea Sahararekin elkarteak antolatzen duen ohiko janari bilketa egiteaz gain, aurtengo ipuin kontalariarekin batera janari bilketa txiki bat egiteko asmoa dutela adierazi du Amilibiak. «Sarrera dohain izaten da, baina aurtengoan sarrera modura bakoitzak janari pixka bat ekarri beharko du, eta hori elkarteari bideratuko zaio».

Asteasu

Asteasuko Udala ere Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara bideratutako karabana solidarioarekin bat jarri da. Izan ere, udalak bazuen furgoneta-kamioneta bat erretiratzeko asmoa. «Elkartearekin harremanetan jarri ginen ikus zezaten eta ontzat eman dutenez udalak dohain emango die, kanpamenduetan aprobetxa dezaten», azaldu du Pili Legarra Asteasuko alkateak.

Bestalde, udal aurrekontuetan Oporrak Bakean programarako zuzeneko diru partidarik ez dutela dio Legarrak, «gure herrian ez dugulako inoiz lortu harrera familia bat topatzea». Baina Euskal Fondoaren bidez, Saharako proiektu baterako diru laguntza bideratu dutela gehitu du Legarrak. Adunako Udalaren antzera, hauek ere Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako garraio-azpiegiturari laguntza eskaini diote (Smarako gasolindegia handitzea). Hain zuzen, proiektu honetarako Asteasuko Udalak 2.990 euro zuzendu ditu.

Irura

Irura Udalak ordea, azken urteetan Oporrak Bakean programa babestu izan duela adierazi du Gorka Murua, Irurako alkateak. «Irurako familiek orain arte haur hauek jaso ez arren, proiektua babestu izan dugu». Horretarako, diru laguntza bat bideratu izan dute Tolosako Udalarekin hitzarmen bat sinatuz.


Haurrak Euskal Herrira etorri gabe geratu arren, bestelako elkartasun ekintzak antolatu dituzte. «Gure udalaren kasuan urteroko diru laguntza ekimen horretara bideratuko dugu, eta elkartearekin batera, urriaren 6ean 17.00etatik 20.00etara herriko plazan, eskolarako eta osasun arloko materiala biltzen arituko gara». Bestalde, Iruran saharar errefuxiatuen erakusketa bat ere jarriko dute martxan, «nahi duenak bertan dagoen egoeraren berri izan dezan», azaldu du Muruak.

Irurako Udalarentzat Sahararekiko duten harremana «garrantzitsua» dela adierazi du Muruak. «Bai termino sozialetan zein politikoetan, euren askatasunaren aldeko borrokan darabilten ibilbideagatik, giza eskubideen zapalketa ematen ari delako bertan».

Amasa-Villabona

Amasa-Villabonan ere Sahararen aldeko elkartasuna «nahiko» barneratuta dagoela dio Xabat Labordek, Hirigintza zinegotziak. Herrian badaude Oporrak Bakean programan parte hartzen duten hainbat familia, eta Amasan saharar haurrentzako aterpetxea ere. Hori dela eta, udalak urtero bi hitzarmen sinatzen ditu. Alde batetik, haurren bidaiak ordaintzeko, hauek suposatzen dituzten gastuak ordaintzeko eta Olaederra kiroldegiko bazkide egiteko. Bestetik, aterpetxeetan sortzen diren gastuak ere ordaintzen dituzte eta diru laguntza txiki bat ere eskaintzen diete.

Egun bizi dugun pandemiaren eraginez, otsaileko elkartasun karabana oraindik ez da iritsi kanpalekuetara


Aurten, ordea, ekimena bertan behera geratu denez, elkartasun iniziatiba modura diru laguntza beste modu batera emateko asmoa dutela azaldu du Labordek. «Karabana solidario horretan sortuko zaizkien gastuei aurre egiteko beste partida ekonomiko bat dugu Elkartasun Ekintzak deiturikoa, eta bertan 1.000 edo 1.500 euro inguruko ekarpentxo bat egingo dugu».

Herri mailan Saharako gaztaka politikoa eta egoera humanitario «kezkagarria» bisualizatzen dutela adierazi du Labordek. Hortaz, elkartearen eskaerarekin bat eginez 1.000 maskara eta 12 boteko hiru kaxa gelhidroalkoliko ere lortu dituzte. «Jendeak badaki zertaz hitz egiten ari garen eta orokorrean nahiko jarrera positiboa dago herrian». Elkartearen eta Oporrak Bakean ekimenean parte hartzen duten familien lana ere txalotu nahi izan du Labordek. «Eskertzekoa da boluntario jendea egotea Tolosaldean elkarte horren barruan antolatuta, elkartasun lana bideratzeko asmoa dutelako».

Leaburu-Txarama

Leaburu-Txarama herri txikia izanik, aurten etorri ez diren haur sahararren falta sumatu dutela argi utzi du Elixabete Eizagirrek, Leaburu-Txaramako Ongizarte zinegotzia eta Tolosaldea Sahararekin Elkarteko kidea. Leaburu-Txaramako Udalak urteak daramatza Saharar errefuxiatuetako kanpalekuetako herri batekin senidetua eta urteak daramatza Oporrak Bakean programa babestuz, herrira etortzen diren bi haurren bidaia ordainduz. Aurtengo Oporrak Bakean programa aurrera ez atera arren, diru laguntza berdina bideratzea «egoki» iruditu zaiela adierazi du Eizagirrek. «Jakinaren gainean gaude kanpalekuetara iristen den laguntza kanpoko laguntza dela, eta kanpo laguntza horri esker egiten dietela aurre egunerokotasunari, guk hori babesten dugu».

Krisiak eragina izan du errefuxiatuen osasunerako eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren sendagai eta ekipoen sarbide erregularrean


Kanpalekuetako egoera

Arazo honek gogor astindu ditu Saharako errefuxiatuen kanpalekuak, eta momentu honetan egoera kontrolpean badago ere, kezka handia da, osasun baliabideak mugatuak baitira. Aljeriak ezarritako prebentzio neurriei, hala nola mugak ixtea, Saharako prebentzio batzorde batek kanpalekuetako (wilayak) eta gizarte hezkuntzako zentroen itxiera gehitu die, ekitaldi publikoak eta bilerak debekatuz, eta mugimenduak oinarrizko zerbitzuak bermatzeko behar-beharrezkoak direnetara mugatuz, hala nola elikadura dendetara.

Era berean, krisi honek eragina izan du errefuxiatuen osasunerako eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren sendagai eta ekipoen sarbide erregularrean. Baita osasun mentaleko edo txertaketako programetan eta mediku-batzordean ere, hala nola paziente kronikoena edo patologia oftalmologikoak dituztenena, bertan behera utzi behar izan baitituzte.

Hala ere, Saharako osasun-sistema laguntza humanitarioko erakundeen menpe dago, bai ekonomikoki baita egiturari dagokionez ere, eta Aljeriako Osasun Ministerioaren lankidetza puntualaren menpe. Beraz, muturreko egoera bati aurre egin beharko dio, non eta horrelako pandemia bat tartean dela.

MATERIAL BILKETA

Asteasu. Urriak 5, astelehena (17:00-20:00).

Irura. Urriak 6, asteartea (17:00-20:00).

Aduna. Urriak 7, asteazkena (17:00-20:00).

Berastegi. Urriak 8, osteguna (17:00-20:00).

Anoeta. Urriak 9, ostirala (17:00-20:00).

Zizurkil. Urriak 10, larunbata (10:00-13:00).

IKUSKIZUNA

Tolosa. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Bizi dantza ikuskizuna Leidorren, urriaren 24an, larunbatean, 11:30ean. Bertan bildutako dirua, materiala Saharara bidaltzeko erabiliko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!