Kontrolpean eduki beharra

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko urr. 2a, 19:59

Izurrite ezberdinekin bizitzera ohituta gaude, baina arratoien edo usoen izurriteek, esaterako, neurri zorrotzak hartu beharra eskatzen dute; horretan lan egiten duten enpresak badira, eta Tolosako Udalak urte osoko jarraipena egiteko kontratatzen du.

Ez da berria arratoiak kalean ikustea. Herri txikia edota handia izan, arratoiak bertan bizi dira. Ugaritzeko gaitasuna dute, eta usoekin ere gauza bera gertatzen da. Izurrite horien aurrean, ordea, ezinbesteko lana izaten da gainean egotea eta kontrol lana egitea.

Tolosako Udalak enpresa bat du kontratatua kontrol lan horiek egiteko, eta usoei eta arratoiei urte osoko jarraipena egiten dietela azaldu du Patxi Amantegik: «Urtez urte plagak ezberdinak dira, eta esaterako kontratatuta ditugu usoen eta arratoien kontrakoak, eta etorri berriagoa dena da asiar liztorrarena».

«Arratoiena etengabeko lan bat da», dio, eta «urte asko dira jarraipena egiten; udaberrian ugaltzen dira, eta udazkenean berriz». «Ez da gustuko lana izaten, eta jendeak ikusten ez duenean egiten da», argitzen du Amantegik. Puntuak izaten dituzte, eta puntu horietan «urte osoan izaten dute pozoia jarrita», argitzen du. «Gerta daiteke lekuren batean zerbait berezia gertatu izana, eta hor lanketa berezia egiten da, baina urte osoko lana da, eta automatizatuta dago», nabarmentzen du.

Konfinamendu garaian Tolosako herritar batzuk asaldatu ziren arratoiak kalean ikustearekin, baina horren aurrean «kalean inor ez zegoelako gertatu zen, eta animalia guztiek kaleak hartu zituzten. Animaliak lasaiago daudenean ageriago jartzen dira. Ez zen ugalketa berezirik izan», argitzen du zinegotziak. «Gutxi gorabehera kalkulatuta dago zenbat dauden, eta kopurua ez da igotzen, non eta, ez den zerbait arraroa gertatzen», gaineratzen du.

Orain artean Tolosako enpresa batek egin ditu lan horiek, eta orain, berriz ere, kontratazioa esleitu berri dute. Ezusteko txikiak izaten dituzte, gehienean, obrak tarteko: «Hoditeriak berritzen hasten direnean gertatzen da. Zaharrak izaten dira, eta orain San Frantzisko pasealekuan kasu, habia bat apurtzen duzu, eta irteera jartzen diozu eta kale erdian ateratzen zaizkizu». Horiek «egoera puntualtzat» ditu, eta onartzen du, leku zehatz batzuetan «beti» daudela. Baina horiek «kontrolatuta» dituzte. «Bat ikusten dugunean asko asaldatzen gara nazka handia diegulako, baina esan behar da oso gutxi agertzen direla». «Nik nahiagoko nuke azalduko ez balira, errekan ikusten baduzu gaitz-erdi, baina Alde Zaharrean ikusten baduzu beste alarma bat sortzen du». Orain erabiltzen diren pozoiak egarri handia ematen dietela arratoiei azaldu du, eta zorabiatu egiten dituela.

Usoen egoera azken urteetan kontrolpean dute. Kaiolen bidez harrapatzen dituzte, «asko». Beharrezkoa dela jarraipena egitea aitortu du, «kopuru mugatua» izateko. «Ume asko izaten dituzte, eta kalte handiak egiten dituzte», gaineratzen du. Teilatuak, kanalonak, teilatupeak,... kaltetzen dituzte. Teilatu askotan arazoak ekiditeko usoak sartzeko lekuak estalita dituzte.

Herritarrek eragin dezakete

Ohikoa da kaleko animaliei jaten ematea, eta horrek arazoa areagotzen du: «Ondo dago, esaterako, ahateei jaten ematea, baina tamainan. Kiloka ogi botatzen badiegu, era berean, arratoiak ere oso gustura daude, beraiek ere elikatzen direlako», argitzen du Amantegik. Berdina gertatzen da usoei jaten ematearekin ere. «Lehenengo gauza janaririk ez ematea litzateke, kaleko animaliak ez ugaritzeko». Eta gaineratzen du, «Kaleko animaliak maskotak balira tratatzen ditugu, eta kaleko animaliak dira».

Asiar liztorren kasuan ere, oso garrantzitsua da herritarrek udaletxean abisu ematea. Eraginkorra izateko, ordea, udazkena baino lehen izan behar du. «Denok ikasi behar dugu liztorra identifikatzen, eta harrapatu eta akabatu egin behar dira. Modu bakarra hori da. Baina erregina barruan dagoen egin behar da, eta udazkenean, hostoak erortzean ikusten dira abaraskak, eta jada alferrik izaten da hustuta egoten direlako, eta alferrikako lana izaten da kentzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!