Elkartasuna mendi tontorretatik

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 30a, 11:58

Sarek Izan Bidea dinamikaren barruan larunbatean mendi tontorretara igotzeko gonbita luzatu dio gizarteari. Euskal Herri osoan 650 mendi igoko dituztela esan dute, horietako 20 bat Tolosaldekoak.

Erronka handia jarri dio bere buruari Sare elkarteak; euskal preso eta iheslarien etxeratzearen eta bakearen zein elkarbizitzaren aldeko aldarriak emango dituzte larunbatean Euskal Herriko tontorretara. Izan Bidea dinamikaren barruko ekimena da urriaren 3koa, eta Tolosaldean ere izango du oihartzuna. Izan ere, eskualdeko 20 bat tontor igoko dituzte.

Jon Ugartemendia Tolosaldeko sarekidearen hitzetan ozen esan nahi dute euskal presoak Euskal Herriratzeko garaia dela. "Presoen eta iheslarien etxeratzearen nahi honek euskal jendartearen eta instituzioen adostasun zabala lortu du haiek pairatzen duten salbuespen legediarekin amaitu eta etxeratzeko prozesua martxan jartzeko", gaineratu du.

Deialdi zabala egin du Sarek eta elkartasun keinua egiteko prest dauden guztiei egin die dei: "Gure herriko tontor esanguratsuenak eta aldi berean gertukoenak igoko ditugu; altuenetik baxuenera, mendizale amorratuak ez ezik, familiak, haurrak, helduak, zahar eta gazteak, nahiz urtean behin mendi buelta txikia baino egiten ez dugun horiek guztiak elkartuko gara ekimen honetan".

Sarek maiatzean abiarazi zuen Izan Bidea dinamika eta elkarbizitza, bakea eta preso zein iheslarien etxeratzearekin bat egiten duten herritarrek "urratsak emanaz bidea egiteko eskaintza" moduan jaio zela esan du Ugartemendiak. "Martxan dugun dinamika honek 500.000 km baino gehiago egitera eraman gaitu bertara bildu garen ia 4.000 kideok. Egunetik egunera are gehiago gara ibiltarien sare honen parte egin eta dinamika honen barruan kilometro eta urratsak batzen gabiltzan herritarrak".

Tolosaldeko herritarrek hainbat aukera dituzte larunbatean, eskualdeko 20 bat tontor igotzeko hitzorduak egin baitituzte. Aralar mendi lerroko Txindoki, Ganbo, Aldaon eta Artubi igoko dituzte; Uzturre inguruko Uzturre bera, Belabieta, Urdelar eta Ipuliño; Ernio inguruko Herniozabal; Aiztondo bailarako Loatzo, Belkoain eta Zarateaitz; eta baita Basagain, Illaun, Almitxuri edo Lagarte, Otsabio, Ulizar, Narbaitzu eta Intxurre ere. 

Tolosako Oargi Mendi Elkarteak ere bat egin du Sarerekin, eta Aldaon mendira antolatu duen irteera baliatuko du horretarako. Usabal kiroldegian elkartuko dira 07:30ean, autoak hartu eta Gaintzara joateko.Oargi Mendi Elkartetik bazkide eta lagun guztiok animatu nahi izan dituzte ekimenean parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!