Bost atleta eta bostak finalista

Ataria 2020ko ira. 30a, 07:57

Paula De Juan, Eunate Martinez de Rituerto, Ainhoa Gibelalde, Maddi Perurena eta Izaro Perurenak Espainiako 23 urtez azpiko Txapelketan parte hartu dute.

Espainiako 23 urtez azpiko Txapelketa jokatu zen asteburuan Sevillan (Espainia) eta bertan Tolosa CF-ko bost atleta izan ziren, eta guztiek lortu zuten finalista izatea. Klubetik azaldu dutenez, txapelketa horretan inoiz lorturiko finalista kopuru altuena izan da eta «harro egoteko arrazoiak» dituztela azaldu dute.

Paula De Juan ordiziarrak laugarren postua lortu zuen 400 metro hesietan, eta 1.01ko markarekin dominatik ez zen oso urrun egon. Denboraldi osoan erregulartasun handia erakutsi du aurreko urteko arazoak alde batera utziz.

Eunate Martinez de Rituerto tolosarra bosgarrena izan zen altuera jauzian 1,65 metroko jauziarekin, urteko marka pertsonala lortuz. Domina ematen zuen 1,68 metroko langa gainditzeko zorian izan zen gainera.

Ainhoa Gibelalde tolosarra larunbatean 100 metroetan bere markan ibili zen, 12,90rekin eta igandean 100 metro hesietan finalista izatea lortu zuen lasterketa bikaina eginaz, 14,56ko denbora lortuz. Gehiegizko haizeak ez zion utzi marka hori balekoa izan eta marka pertsonal bihurtzen. Emaitza bikain horrekin 6. izatea lortu zuen, bigarren urtez jarraian finalista postua lortu zuelarik.

Maddi Perurena ibartarrak ere txapelketa bikaina gauzatu zuen lehenengo aldiz finalista izatea lortu zuelarik 400 metro hesietan. 1.05ko denbora bikaina lortu zuen zortzigarren postua lortuz eta marka pertsonaletik oso gertu ibiliz.

Izaro Perurena tolosarrak ere finalista izatea lortu zuen 800 metroko lasterketan eta 2.19ko denborarekin zortzigarren postua lortu zuen. Urte bikaina honek ere bere marka pertsonala denboraldi honetan lortu duelarik 2.14ko denborarekin.

«Marka pertsonala lortzera joan ginen, baina ez zen nahi bezala atera»

Laugarren postua lortu du Tolosa CF-ko Paula De Juan (Ordizia, 1999) atletak 400 metro hesietan, Espainiako 23 urtez azpiko txapelketan.

Zer-nolako sentsazioekin itzuli zara azken txapelketatik?

Egia esan, gazi-gozoak. Batetik, ondo, denboraldiak ez zuelako itxura ona eta azkenean aurrera ateratzea lortu dugulako. Bestetik, nahi genituen emaitzak ez dira behar bezala atera, baina balantze positiboa egin daiteke denboraldiaren aldetik.

Azken txapelketan domina lortzeko aukerak zenituen.

Domina lortzea ondo dago, baina ez genuen ezta ere horretan bakarrik pentsatuz joan txapelketara. Ez dago bakarrik zure esku, beste aurkariak ere kontuan hartu behar dira. Denbora hobetzeko asmoarekin joan ginen eta gero etorri behar zuten emaitzak etorriko ziren. Laugarren geratzea zaila da, podiumetik hain gertu egotea... Marka pertsonala lortzera joan ginen, baina ez zen lasterketa nahi bezala atera.

Zein da zure marka pertsonala?

1.00,25 da, eta aurten 1.00,66 egin nuen, Madrilen izan nuen lasterketa batean. Entrenamendu onak egin ditut urtean zehar eta horrek konfiantza asko eman dit, baina gero ez da islatu lasterketa batean aurretik egindako lan guztia. Atletismoa horrela da, prozesu luze bat da eta jarraitu egin behar da lanean esfortzu guztiek bere fruitua ematen duten arte.

Beraz, arantzatxo hori geratu zaizu, batez ere marka egiteko ahalmena bazenuelako.

Entrenamenduetan ikusten genuen marka pertsonala egiteko aukerak zeudela, eta lasterketa gero eta hobeto kontrolatzen. 400 metro hesiak horren proba teknikoa da, erritmo aldetik, ekonomikoa izan behar zara pauso kopuru jakin bat sartzeko, eta karrera asko korritu behar dira perfektu ateratzeko. Esan daiteke ez dela lasterketa perfektu atera eta egindako denboran ez da islatu. Baina denboraldi honetaz ere gauzak ikasi ditugu.

Dagoeneko denboraldia bukatu duzue?

Asteburu honetan azken txapelketa izan dugu, eta orain beharrezko oporrak ditugu. Azkenean hamabi hilabete jarraian daramatzagu entrenatzen eta lehiatzen, eta azkenean luze egin dira. Orain psikologikoki eta fisikoki atseden hartzea beharrezkoa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!