Koronabirusa

20 positibo berri asteburuan

Ataria 2020ko irailaren 28a

Asteburuan zehar 20 pertsonak eman dute positibo COVID-19an. Tolosa eta Villabonan izan dira kasu gehienak; Tolosan 6 eta 5 Villabonan. Azken aldiko zifrarik baxuenak dira asteburuetako datuei dagokienez.

Tolosaldeko zortzi herritan eman dira positiboak ostiralean, larunbatean eta igandean zehar. Osasun Sailaren arabera, ostiralean 9.226 PCR egin ziren EAEn eta 398 positiboetatik, 115 izan ziren gipuzkoarrak. Larunbatean PCR proba gehiago egin ziren, 9.696 zehazki, eta 479 positiboetatik 105 izan ziren Gipuzkoan. Igandean, berriz, 6.061 PCR proba egin ziren eta positiboak 354 izan ziren, horietako 90 Gipuzkoan.

Herriz herriko datuei erreparatuta, eskualdean Tolosan eta Villabonan izan dira positibo gehien hiru egunetako datuak kontuan hartuta. Tolosan 6 positibo egon dira, bana ostiral eta larunbatean, eta lau igandean. Villabonan 5 positibo egon dira guztira; bat ostiralean eta lau larunbatean. 

Beste positiboak Alegian, Amezketan, Bidania-Goiatzen, Ibarran, Iruran eta Orexan egon dira. Bana ostiralean Alegia, Amezketa eta Orexan; beste bat larunbatean Bidania-Goiatzen; bi positibo ostiralean Iruran eta Ibarran, berriz, ostiralean bat eta bi larunbatean. 

Azken asteburuekin alderatuta, inoizko zifra baxuenak zenbatu dituzte asteburu honetan. Aurreko asteburuan, esaterako, 57 positibo zenbatu ziren, ia oraingoaren hirukoitza. Duela bi asteburu 33 zenbatu ziren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!