Euria goian-behean zela jokatu zuten atzo, larunbata, III. Euskal Pentatloi Txapelketaren finala, Azpeitiko zezen plazan, 22:00etan hasita. Eguraldi txarraren eraginez, askok uste zuten lehia bertan behera geratuko zela, baina, hala eta guztiz ere, proba aurrera eraman eta jokatu egin zuten. Ikusleak segurtasun neurriak ere modu egokian mantendu zituzten, musukoak behar bezela jantziz eta ikusletik ikuslera beharrezko tartea utziz.
Kanporaketa fasean egindako denboraren arabera, bi txandatan banatu ziren kirolariak: Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin tolosarra eta Julen Kañamares lehiatu ziren lehen txandan, eta Xabier Zaldua –azken bi urteetako txapelduna–, Julen Gabirondo eta Ibarran bizi den Xabier Orbegozo Arria V.a bigarrenean.
100 kiloko bolari 25 jasoaldi ematea; giza proban, bi plaza osatzea 400 kiloko harriarekin; hiru kanaerdiko moztea; 50na kiloko txingekin lau plaza osatzea; eta korrika hiru kilometro egitea, zezen plazari 30 buelta emanez. Horiek izan ziren, hurrenez hurren, kirolariek egin beharreko lanak.
Lehen txandan, Peñagarikanok aldea atera zien Errazkini eta Kañamaresi lehen lau probetan, baina korrikarako garaia iritsi zenean, bete egin zen azpeitiarra. Peñagarikanok oinez eman zion zezen plazari itzuliren bat edo beste, baina lortu zuen indarrak berreskuratzea, eta, azkenean, denbora ona eginez amaitu zuen pentatloia: 38 minutu eta 42 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko. Kontuan hartzekoa da Zalduak iaz 38:30 denborarekin jantzi zuela txapela. Azpeitiarraren atzetik amaitu zuen lehia Errazkinek (40:05), eta, ondoren, Kañamaresek (43:25).
Bigarren txandan, berriz, azken bi urteotako txapelduna nagusitu zen lehia guztian zehar. Gabirondo hurbil izan zuen une batean baino gehiagotan, eta korrikako proban, bazirudien harrapatu egingo zuela. Dena dela, azkenean, Zalduak lortu zuen abantailari eustea eta pentatloia aurrena amaitzea. 36 minutu eta sei segundo behar izan zituen hark lanak amaitzeko, azken bi urteetan egindako denborak hobetuz. Haren atzetik amaitu zuen Gabirondok (36:41), eta ondoren helmugaratu zen Arria V.a. Ibarran bizi den errezildarrak beteta amaitu zuen proba, nahiz eta bere denborarik onena egin zuen (37:55). Azken hiru urteotako txapelak jantzita, Zaldua bilakatu da pentatloien maisu.
SAILKAPENA:
- Xabier Zaldua: 36:06
- Julen Gabirondo: 36:41 (+00:35)
- Xabier Orbegozo Arria V.a: 37:55 (+01:49)
- Kepa Peñagarikano: 38:42 (02:36)
- Iñaki Errazkin: 40:05 (+03:59)
- Julen Kañamares: 43:23 (+07:17)