‘Ataria irratiak’ denboraldi berriari ekingo dio astelehenean

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 24a, 12:00

Tolosaldeko irratia 107,6 fm sintonian entzuteko aukera izango da, eta baita, mugikorrez edo gailu desberdinen bitartez ere.

Ataria Irratiak berrikuntzekin ekingo dio 2020/21 lanurteari. Nagusiena, Pasahitza goizeko
magazineko esatariarena izango da, Iñigo Terradillosek, saioaren orain arteko gidariak, Asier Imazi eman baitio mikrofonoaren ardura aurtengoan. Horrez gain, programazioan ere aldaketak
izango dira.

Hiru atal izango ditu astelehenetik ostiralerako programazioak. Goizean, Tolosaldeko aktualitatea izango da protagonista nagusia. 09:00etatik 13:00etara, zuzeneko konexioak, elkarrizketak eta kolaboratzaileen tarteak izango dira. Ostegunetan, eskualdetik Euskal Herrirako jauzia emango du Ataria Irratiak, eta ostiraletan, nazio artera joango da.

Bost egun horietan, entzuleak kantu eskaintzak egiteko aukera izango du 687 41 00 33 telefono zenbakira deituta, whatsapp-era mezua edo audioa bidaliz edo ataria@ataria.eus helbidera idatzita.

Arratsaldearekin batera, 15:00etatik 16:00etara, ATARIAko lantaldearen saio berezien txanda iritxiko da. Ondoren, Zebrabidea saioan Euskal Herriko aktualitatea aztertuko dute Arrosa Sareko kideek.

Saio libreak indartuz

20:00etatik 22:00etarako tartea herritarrena izango da. Beraiek egindako saioek osatuko dute
iluntzeko bloke hori. Irratsaio bat egin nahi duen guztiak izango du aukera, eta horretarako oraindik ateak zabalik daude. Ataria@ataria.eus helbidera idaztea nahikoa izango da proposamena aurkeztuz. Saio hauek asteburuan ere entzun ahal izango dira, asteko atal onenekin batera.

Musikak ere bere tartea izango du. Bai asteburuan eta baita astean zehar, euskal musika entzuteko aukera izango da. Halaber, azpimarratzekoa, trikitiak bere ohiko lekua mantenduko duela, larunbat goizetan antzun ahalko dela, alegia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!