Ikuskizuna emango dute Euskal Pentatloi Sariaren sei finalistek

Imanol Garcia Landa 2020ko ira. 24a, 15:59
IƱaki Errazkin, I. Binakako Euskal Pentatloian.

Eskualdeko Xabier Orbegozo 'Arria V.a' eta Iñaki Errazkin izango dira bertan; 'Arria V.a'-rentzat hirugarren finala izango da eta Errazkinentzat, berriz, aurrenekoa.

Sei herri kirolari elkartuko dira larunbat honetan, irailak 26, Azpeitiko zezen plazan, 22:00etatik aurrera. III. Euskal Pentatloi Sariaren txapela dago jokoan, eta bertan eskualdeko bi kirolarik parte hartuko dute: Xabier Orbegozo Arria V.a Ibarran bizi den errezildarra eta Iñaki Errazkin tolosarra. Beste lau finalistak Kepa Peñagarikano, Julen Kañamares, Xabier Zaldua eta Julen Gabirondo izango dira. Egin beharreko lanak gogorrak izango dira: 100 kiloko bolari 25 jasoaldi ematea, giza proban 400 kiloko harriarekin bi plaza egitea, aizkoran hiru kanaerdiko ebakitzea, txingekin 6 plaza egitea eta korrika hiru kilometro osatzea.

Arria V.a aurreko bi finaletan izan da eta txapelaren lehian aritzeko kirolarietako bat da. Iñaki Errazkinentzat lehen finala izango da, aurreko urteko kanporaketan zazpigarren geratu ondoren. «Aurreneko aldia da finalean egongo naizena eta gogotsu nago, ikusteko zertarainoko gai garen, eta besteak oso urruti dauden edo ez ikusteko», esan du tolosarrak. «Iaz hasi nintzen eginbeharreko lan guztiak probatzen, eta zaila nuen sartzea, baina ia sartu nintzen finalean, eta ikusi nuen entrenatzen jarraituz gero aukera izango nuela, eta azkenean lortu dugu». Finalean sartzeko kanporaketan «etxean bezala» hasi zela lanak egiten dio Errazkinek: «Serio-serio joan ginen, aldamenekoari begiratu gabe zertan ari zen, askotan okerragoa izaten delako. Bukaera arte ez nekien nire denbora zein zen, baina bozgorailutik esaten zuten Peñagarikanoren inguruan nenbilela eta banekien denbora polit bat egingo nuela, eta oso gustura».

Finalerako helburua «lan polita» egitea dela esan du Errazkinek. «Nik badakit nola nagoen, baina besteak ez dakit zehazki nola dauden. Lanik handienak harriarekin ditut, eta hori nahiko lasai hartuko dugu. Beste lau lanak nahiko ondo ari gara menperatzen eta hor emango dugu daukagun guztia». Ez doa postu jakin baten bila tolosarra: «Ahal dugun ondoen egingo dugu eta gero ikusiko dugu ze postutan geratzen naizen».

Zaldua da faboritoetako bat, aurreko bi txapelketak zerbaitengatik irabazi baititu. Errazkinek, gainera, Zaldua bere momenturik onenean dagoela esan du. Horrez gain, Peñagarikanok bere aukerak dituela esan du tolosarrak: «Aurreneko lanean, harriarekin, tarte dezente aterako digu guztiei, eta gero ikusiko da nola erantzuten duen beste lanetan». Argi dago ikusmina sortzen duen txapelketa dela, eta larunbat gauean Azpeitiko zezen plazan jende ugari elkartuko dela espero da.

'Arria V.a', I. Binakako Euskal Pentatloian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!