Euskal Herriko tontorretara eramango du aldarria Sarek

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 24a, 11:59

Izan Bidea dinamikaren barruan, Euskal Herriko 650 gailurretara preso eta iheslarien «etxeratze prozesua» martxan jartzeko aldarria eramango dute urriaren 3an.

Maiatzean jarri zuen Sarek Izan Bidea dinamika martxan, eta ordutik, 500.000 kilometro baina gehiago egin dituzte izena eman duten ia 4.000 pertsonen artean. Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko herritar sareak nabarmendu duenez, geroz eta gehiago dira Ibiltarien Sarearen parte egiten ari direnak. Hala, hurrengo larunbaterako, urriaren 3rako, ekimenera batzeko modu berri bat izango da, «inoizko erronka handiena» iragarri baitute.

Hain justu, parte hartzen duten guztien artean, egun berean, Euskal Herriko 650 mendi igo eta tontorretara aldarria eramatea da jarri duten erronka. «Ekimen eder honekin argi erakutsiko dugu urratsak emateko prest gaudela, maldan gora edo behera, baina guztiok batera, egoera honekin behin betiko amaitzeko», azaldu dute.

«Euskal Herrian inoiz egin den tontor igoera bateratu handiena» izango da urriaren 3an. Gailurrak nahiz parte hartzaileak era guztietakoak izan ahal direla azpimarratu dute: «Gure herriko tontor esanguratsuenak eta aldi berean gertukoenak; maila altuenetik baxuenera, mendizale amorratuak ez ezik, familiak, haurrak, helduak, zahar eta gazteak, nahiz urtean behin mendi-buelta txikia baino egiten ez duten horiek guztiak elkartuko gara».

Horregatik, herritarrak animatu dituzte ekimenean parte hartzera: «Elkarbizitzaren eta bakearen alde, konponbidearen alde eta preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jartzeko bidea izan nahi duten guzti horiei, urratsak eman eta kilometroak egiteko prest dauden guzti horiei, gurekin batzeko deia egiten diegu: Izan gaitezen bidea, osa dezagun Ibiltarien Sare erraldoia».

Parte hartzeko 650tontor.sare.eus web orrian eman beharko da izena, eta gailurren inguruko informazioa ere bertan jarri dute eskura.

«UNE EGOKIA DA»

Izan Bidea dinamikak «euskal presoen eta iheslarien etxeratzearen alde, eta baita elkarbizitza eta bakearen alde» dauden herritarrak batu asmo dituela nabarmendu dute Saretik. Gizarte aktibazioa eta instituzioekiko lanketa uztartuz, auziari «behin betiko aterabidea» eman nahi diote. Eta, horretarako «une aproposa» dela uste du Sarek. «Euskal jendartearen eta instituzioen adostasuna dugu preso eta iheslariek pairatzen duten salbuespen legediarekin amaitu eta etxerako prozesua martxan jartzeko, eta horregatik, Euskal Presoak Euskal Herriratzeko garaia da».

Madrilgo Gobernuan diren alderdiek ere egoera honekin amaitzeko adostasuna agertu dutela gogoratu dute. «Beraz, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Presoek Euskal Herrian egon behar dute, senideek ezin dute euren bizia errepidean arriskuan jartzen jarraitu, ez eta espetxean duten senidea ikusi eta ukitu gabe urte erdia igaro, motxiladun haurrek COVID-19a dela eta igaro duten moduan. Are gutxiago, gaixotasuna dela medio, preso duten alaba, aita edo anaia hiltzen ikusten jarraitu», adierazi dute Saretik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!