SOS Arrazakeriak Tolosa eta Villabonako boluntarioak behar ditu

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 24a, 11:57
Besteak beste, Tolosan eta Villabonan behar dituzte boluntarioak.

Errefuxiatuekin mentoretza programa bat egiteko behar ditu eta familiak edo gizabanakoak izan daitezke; 10 eta 14 urte arteko etorkinekin aritzeko pertsonak behar ditu ere.

SOS Arrazakeriak boluntarioak behar ditu gizarte mentoretzako bi proiektutarako. Batetik, Urretxindorra izeneko programarako behar dituzte eta bestetik, errefuxiatuekin aritzeko. Bien helburua da arrisku egoeran dauden pertsonak berdintasunean gizarteratzeko prozesuan laguntzea.
Bigarren urtea da errefuxiatutako pertsona edo familiekin aritzeko programa abiarazten dutela eta oraingoan ere CEAR erakundearekin lankidetzan egingo dute. Iaz proiektu pilotua garatu zuten eta aurten errepikatzea erabaki dute. Hori dela eta, Tolosako eta Villabonako famili edo gizabanakoak behar dituzte; Tolosan hiru eta bakarra Villabonan. Errenterian, Hernanin, Eibarren eta Andoainen ere behar dituzte lankidetzarako prest dauden pertsonak. Denbora librea eta enpatia duten pertsonak edota familiak behar dituztela esan du SOS Arrazakeriak.

Errefuxiatuekin lantzeko mentoretza programa oso beharrezkoa dela uste du elkarteak, harrera prozesuan laguntza behar baitute, eta bertako pertsonen laguntza praktikoa oso baliagarria izan daitekeelako. Abuztua eta irailean izaten dira formakuntza saioak, eta ondoren urtebeteko konpromisoa hartzen dute norbanako edo familiek.

Urretxindorra
Era berean, eta Urretxindorra proiektuaren barruan, etorkin jatorriko 10 eta 14 urte arteko gazteekin ariko diren 18 eta 30 urte arteko goi mailako edo unibertsitateko ikasleak behar dituzte. Mentore izateko prest dagoen pertsona astero hiru orduz  elkartuko da esleitutako gaztearekin eta aisialdia konpartitu ahal izango dute, «era horretan bien arteko topaketa kultural edo soziala gerturatzea eta nork bere burua ezagutzeko espazioak izatea erraztuko da». Gazteek euren autoestimua indartu ahalko dute, garapen pertsonala, emozionala eta soziala garatu, hizkuntza gaitasunak landu eta goi-mailako ikasketak egiteko motibazioa izan dezakete. «Ikasle gazteek ikasturtez ikasturte beren burua eskaini dute, dagoeneko beteranoa eta finkatua den eta gero eta eskaera handiagoa jasotzen duen proiektu baten mentore izateko», esan dute. 

SOS Arrazakeriak gizarte mentoretzak duen garrantzia nabarmendu nahi izan du. «Pixkanaka lekua egiten ari da kalteberatasun arriskuan dauden pertsonekin lan egiten den tresna baliotsu gisa». Prebentzioa lantzeko tresna direla uste du elkarteak eta ahultasunak areagotzen diren egoerak aurreikusten laguntzen duela. «Pandemia egoeran mentoretzak balio handiagoa hartzen du, bakardade eta ziurgabetasun handiagoko egoerei aurre egiten laguntzen baitu». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!