Artola Caixabank Masters txapelketako finalean izango da

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 22a, 09:43
IƱaki Artola. BAIKO

Alegiarrak, Rezustarekin batera, Bengoetxea VI-Martija bikoari irabazi dio 11-22, eta igandeko partida erabakigarrian izango da.

Bikote sendoena izan da Artola-Rezusta txapelketaren ligaxkan, eta finalerdian ere horixe erakutsi dute. Logroñoko Adarraga pilotalekuan jokatu zuten atzo finalerdia, eta esan daiteke gipuzkoarrek pronostikoak bete dituztela finalera iritsiz. Partidan 0-3 aurreratu ziren, baina nafarrek aldeari eustea lortu zuten hasieran. Baina Artolak eta Rezustak nahiko azkar tartea ireki zuten 4-5etik 4-13ra salto eginez. Hortik aurrera urdinek erraz jokatu zuten eta 11-22ko emaitzarekin borobildu zuten partida, igandeko Bilboko finalerako txartela eskuratuz. 

Beste finalerdian Jokin Altuna amezketarra izango da. Imazekin batera Olaizola II.a eta Zabaletaren aurka jokatuko du, ostiralean, Logroñoko Adarragan, 19:15etik aurrera.

Leku aldaketa Binakako Txapelketan

2020ko irailaren 27an CaixaBank Mastersa amaitu ondoren, EPEL-k martxoan etendako 2020ko Binakako Txapelketari berrekitea aurreikusi du, ezagunak diren arrazoiak direla eta. Finalerdietako ligako bi jardunaldi eta 2020ko Binakako Txapelketako finala jokatzeko falta dira, finalerdietako ligako 1. jardunaldia jokatu baitzen. Finalerdietako bi jardunaldiei dagokienez (bigarrena eta hirugarrena), Iruñeko Labriten eta Eibarko Astelenan, eta Iruñeko Labriten eta Tolosako Beotibarren jokatzekoak ziren, hurrenez hurren.

Jakina denez, lurralde ezberdinetan gaur egun dagoen egoera dela eta, frontoien edukiera mugatzen duten xedapen arautzaileak daude indarrean. EPEL-tik azaldu dutenez, Nafarroaren kasuan, lurraldeko osasun-agintariek edukierari buruz helarazi dituzten egungo arauketak eta jarraibideek eragotzi egiten dute Iruñeko Labrit pilotalekuan zaleek jadanik erosita zituzten sarreren eskariari erantzutea. Izan ere, une honetan, Labrit pilotalekuan 265 ikuslerentzako lekua dago, aplikazio-neurrien arabera. Egoera horren aurrean, EPEL-k ahaleginak egin dituela esan du Labrit pilotalekuan egitekoak ziren jaialdiak Nafarroa Arenara eramateko, baina instalazio horrek une honetan dituen konpromisoek edo lehentasunek eragotzi egiten dute eskupilota profesionaleko jaialdi horiek erabilera anitzeko esparru horretan hartzea. Hori horrela, Labriten jokatzekoak ziren partidak, Bizkaia frontoian jokatuko dira. Hain justu, erabakiak Erik Jaka lizartzarrari eragingo dio, finalerdietako 2. jardunaldian, urriaren 3an, Bizkaia pilotalekuan jokatuko baitu. Jakak Zabaletarekin batera jokatuko du, eta aurkariak Laso-Albisu izan behar zuten, baina Lasori kontratua ez dio berritu Baiko enpresak, eta beraz, beste pilotari bat ariko da bere ordez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!