Ondarea kontserbatzeko hezkuntzak duen garrantziaz ariko dira aurten

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 22a, 12:59

Tolosan, Alkizan eta Anoetan Europako Ondarearen Jardunaldiak ospatuko dira urria eta azaroan zehar; Aldez aurretik hitzordua hartu beharko da ekitaldietan parte hartzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Europar Batasunarekin lankidetzan Europako Kontseiluak sustatutako Ondarearen Europako Jardunaldiak ekimenaren bosgarren edizioa antolatu du. Programa honek ondare kulturalari buruzko sentsibilizazioan sakondu nahi du eta horretarako, aurten, Kontaiguzu ondarea. Ondarea eta Hezkuntza lelopean, 40 udalerritan 107 jarduera eta 141 ekitaldi antolatu dituzte Gipuzkoan, «formatu guztietan eta gustu eta sentsibilitate guztietarako».

Mari Jose Telleria Kultura zuzendariak adierazi duenez, «aurten, gure ondarea agerian uzteko konpromisoa, ilusioa eta gogoa are handiagoak izan dira aurreko urteetan baino, eta hori erronka handia izan da parte hartu duten eragile guztientzat, COVID-19ak eragindako murrizketa eta ziurgabetasunengatik».

Jardunaldiekin, batetik, ondarea kontserbatzeko transmisioak, hedapenak eta hezkuntzak duten garrantzia azpimarratu nahi da; Eta bestetik, mota guztietako hezkuntza erakundeek sortutako ondare materiala eta immateriala nabarmendu.

Programa arretaz irakurtzea gomendatzen dute antolatzaileek eta gogoratu dute bisita asko egiteko hitzordua eskatu behar dela aurretik. Alkizan egingo diren jardueretarako interpretazio zentroan eman beharko da izena (688 60 44 66 edo kultura@alkiza.eus); Tolosan, Gipuzkoako Artxibo Orokorrak antolatutako tailerrerako AGG-GAO@gipuzkoa.eus helbidera idatzi edo 943 41 52 62 zenbakira hots egin beharko da; Topic-ekin jarri beharko da harremanetan hango ekintzetan parte hartzeko (943 65 04 14 edo cit@cittolosa.com); Eta udalean eman beharko da izena Anoetako aurkezpenera joateko (943 65 12 00 edo kultura@anoeta.eus).

ONDAREAREN JARDUNALDIAK TOLOSALDEAN

Urriak 10 eta 17, larunbatak

Tolosa. Antzinako dokumentuak deszifratzen. Gipuzkoako Artxibo Orokorrak paleografia edo idazketa zaharreko tailer bat antolatuko du, dokumentu zaharrak ezagutu eta interpretatzeko gakoak emateko. Saioak 11:00etatik 13:00etara izango dira.

Urriak 23, ostirala

Tolosa. Topiceko lagunak diren ume eta gazteek museoa erakusteko bisita gidatua egingo dute 11:00etan.

Urriak 24, larunbata

Alkiza. Galdutako usadioak ahaztu ez daitezen, konta dezagun ondarea bisita gidatua egingo dute 10:00etan plazatik abiatuta.

Data zehaztu gabe. Alvaro Aragon historialariak hitzaldia eskainiko du Alkizan: Zuhaitz lepatuak: itzalitako ogibide baten lekuko biziak.

Urriak 31, larunbata

Tolosa. Formosako (Taiwan) txotxongiloen inguruan Topic-en antolatu tako erakusketan zehar bisita gidatuak, 11:00etan eta 17:00etan.

Azaroak 27, ostirala

Anoeta. Basagaingo burdin aroko herrixka monografia dibulgatzailearen aurkezpena egingo dute euskaraz, Mikelasagasti auditorioan 19:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!