Gainazalen garbiketan trebatzeko ikastaroan izena eman beharko da

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 21a, 19:58

Tolosaldea Garatzeneko Enplegu Sailak antolatu du ikastaroa, lan aukerak sustatu nahian; ostirala baino lehen apuntatu beharko dute interesatuek, eta hilabeteko iraupena izango du ikastaroak

Irailaren 28an hasi eta urriaren 26an amaituko da gainazalen garbiketan trebatzeko ikastaroa. 45 urtetik gorako pertsonei bideratutako ikastaroa da, eta enpresen, komertzioen, hotelen eta apartamentu turistikoen garbiketan gaitzea du helburu. Osasun krisi egoeran izanik, gainera, arreta berezia jarriko zaie COVID-19a saihesteko prozedura eta protokolo zehatzei.

Tolosaldea Garatzeneko Enplegu Sailak antolatutako saioa da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta Lehiberri zentroan emango da. Eskolak astelehenetik ostiralera izango dira, 09:30etik 14:30era.

Sei modulutan banatuko da ikastaroa. Lehenik, eraikin eta lokaletako zoru, horma eta sabaien garbiketa, tratamendua eta mantenua jorratuko dituzte; barruko altzarien garbiketa; eraikinetako kristalen garbiketa; makinak erabiliz, garbitzeko teknika eta prozedurak emango dira ezagutzera; turismo establezimenduen garbiketa eta egokitzean ere zentratuko dira; eta, azkenik, lana aurkitzeko erremintak erabiltzen erakutsiko da.

Metodologia teoriko-praktikoa erabiliko da modulu guztietarako; hau da, edukien azalpenak eman eta ariketak egin ostean, lan horietako bakoitzarekin saio praktikoa egingo da.

Ikastaro osoan zehar, Tolosaldea Garatzeneko Enplegu Sailak jarraipen pertsonalizatua egingo die apuntatzen direnei, «lan aukerak sustatu asmoz». Batik bat, arreta jarriko die «prestakuntza maila baxuko eta lan merkatuari begira ahultasun egoeran dauden horiei», adierazi dute.

Izena emateko lan@tolosaldea.eus helbidera idatzi edo 943 65 45 01 telefono zenbakira deitu beharko da, hilaren 24a baino lehen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!