Larunbatean Bermeon izango dute lehen estropada, 18:20ean hasita, eta igandean izango da bigarrena, Portugaleten, 11:40etik aurrera. Bi probak erlojuaren aurkakoak izango dira. Tolosaldearekin batera, Hondarribia, Hibaika eta Cabo da Cruz izango dira igoera faseko lehian.
Patxi Frances Tolosaldea traineruko entrenatzaileak lehenengo egunari eman dio garrantzia: «Bermeokoa izango da urduritasun gehienekoa, bigarren egunerako posizioa zehaztuko duena, eta konplexuena da. Itsasoa alde batetik sartzen da, eta haizea badago horrek ere asko eragin dezake. Oso eremu teknikoa da, eta jakin egin behar da bertan arraun egiten. Hortik bizirik ateraz gero, asko duzu irabazita bigarren egunerako». Igandeko estropada ibaian izango da, eta beraz, ez dute hainbeste eragingo eremuaren baldintzek. «Bigarren egunean indarrak aginduko du, eta errazagoa izango da paladarekin asmatzea. Lehenengo egunean paladekin huts egiteko aukera gehiago dago», zehaztu du Francesek. Azken sailkapenean puntuek aginduko dute, hau da, egun bakoitzean lortutako postuak. Puntuetara berdinketa izanez gero, bi egunetan egindako denbora hartuko da kontuan.
Hondarribia izango da aurkari gogorrena, aurten Eusko Tren Ligan lehiatu dena, hain justu. Kontxako Banderan aurretik sailkatu zen Tolosaldea, eta horrek erakusten du aukera dutela igoera fasea irabazteko. Igandean estropada ona egin zutela dio Francesek, eta arraunlariak ondo daudela fisikoki eta moral aldetik ere. «Hala ere, badakigu igoera faseetan dena konplikatu egiten dela, eta edozeinek izan dezake aukera irabazteko», zehaztu du entrenatzaileak. «Talde guztiek pentsatzen dute irabaztea posible dutela, batetik besterako aldeak estutu egiten dira eta edozein hutsegite ordaindu egiten duzu. Orain arte egin duguna egin behar dugu, eta xehetasunek ez diezagutela txarrera markatu».