Alzheimerraren mundu eguna izango da irailaren 21ean. Eta eskualdean bada hori lantzen duen elkarte bat: Buru Bihotzez. Alzheimerra edo antzeko dementziak dituzten gaixoen eta haien senitarteko, lagun eta zaintzaileen bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin sortu zen elkarte hori duela bi urte.
Mundu egunaren bueltan hainbat ekintza antolatu ohi dituzte, baina osasun egoeraren ondorioz, bertan behera utzi behar izan dituzte momentuz. Hala ere, bada zabaldu nahi duten mezu bat: «modu zabalean pentsatu, baina bertan jardun». Pandemia garaian, zaintzaileen lanaz hausnartu dute eta hori bistaratu nahi dutela azaldu du Mertxe Orte Buru Bihotzez elkarteko lehendakariak: «Zaintzailearen papera oso zaila izaten da, zeresanik ez pandemiak ekarri dituen murrizketekin; beti esaten dugu zaintzaileak bere burua zaindu behar duela, bere ongizate horrek eragina duelako zuzenean gaixoaren ongizatean ere. Baina nola egin dezakegu zaintzaile hori ondo egoteko?».
Horren aurrean, elkarteko psikologoa den Maria Erdozainek badu erantzuna: «Bakoitzak pentsatu behar dugu gure ardura zatia zein den; izan daiteke amonaren pastilla kaxa nire ardura izatea hemendik aurrera, edota hilean behin kargu egitea ile apaintzailearengana neronek eramateko. Ardura txiki bat hartzearekin zama zati bat kenduko genioke zaintzaile nagusiari». Hori horrela, senideei eskatu nahi diete pentsa dezatela zer egin dezaketen zaintzaile nagusiaren zama hori arindu ahal izateko. Modu berean, erakundeei eskatzen jarraituko dute jar ditzatela zaintzaileen eskura behar dituzten baliabide guztiak.
LANERAKO PREST
Orain arte egin dituzten hitzaldi, tailer eta bestelakoekin jarraitzeko prest direla azaldu dute. Eta zer esanik ez Buru Bihotzez elkartearen esentziarekin, hau da, laguntza taldeekin. Laguntza talde horiek Erdozain psikologoak zuzentzen ditu, eta fase ezberdinetan daude familiak elkartu ohi dira, «hitz egin, kezkak konpartitu, ikasteko eta babesteko». Covid-19agatik bertan behera utzi behar izan dituzte, baina gogoz da Orte berriro ekiteko. «Oso garrantzitsuak da guretzat talde hori, falta sumatzen dugu».
Dementziak dituzten pertsonaren bat inguruan dutenak gonbidatu nahi dituzte elkartera. Zabalik dituzte harremanetarako bideak ere: 943-00 68 79 telefono zenbakia —08:00etatik 15:00etara egoten da martxan— eta burubihotzez@gmail.com helbide elektronikoa.