Martxoaren 10ean gaixotu zen koronabirusaren sintomekin, eta gaur oraindik, gaizki jarraitzen du. Koronabirusean ez du positiborik eman egin dizkioten azterketa guztietan, eta familia medikuarekin harremana «gaiztotu» zaionez, ez du izenik eman nahi Tolosaldeko bizilagun gazteak.
Sei hilabete daramatza gaixo, eta bere bizitza «galdu» duela dio, baina «baikor» agertu da, «badakit pasako dela» esanaz. Berandu jabetu zen bere moduan jende gehiago ere gaizki ari dela pasatzen: «Abuztuan laneko nagusiak pasa zidan Aiaraldeko pertsona baten elkarrizketa bat, eta irakurri ostean identifikatuta sentitu nuen nire burua» dio.
Bere moduan koronabirusaren sintomekin jarraitzen dutenek elkartea sortu dute: Euskal Herriko COVID Iraunkorra plataforma. Bertako kidea da Tolosaldeko gaztea, eta asko lagundu diola bere moduan dauden pertsonekin hitz egin eta egoerak konpartitzeak aitortu du. Ziur da eskualdean ez dela bakarra izango, eta elkartearen berri eman nahi izan du, eta covidpersistente.euskalherria@gmail.com helbide elektronikoa luzatu du beraiekin harremanetan jarri ahal izateko.
Martxoaren 10ean jarri zen gaizki. «Entzuten zen koronabirusa, baina oraindik oso gauza berria zen, eta debekatuta zegoen medikutara joatea» azaldu du. «Garai hartan test azterketa kontaktu zuzenei bakarrik egiten zieten, nik ez dakit non kutsatu nintzen, eta ez zitzaidan testa egitea egokitzen».
Sukar altuekin eta bularreko min handiarekin hasi zen, eta egun guztietan izugarrizko nekearekin: «Egun guztia lo pasatzeko nekea zen. Neke fisikoa». Familiako medikuarengana joateko esan zioten, eta «gaztea eta osasuntsua» izanik, «etxera bidali» zuten. Ez zioten ezer hartzeko eman, eta ez zioten koronabirusaren gaineko ezer aipatu. «Dena ezjakintasuna zen lehenengo gaixotu ginenon artean, eta gaztea eta osasuntsu izanik beraien protokoloa etxera bidaltzea zen».
AZALPENAK AURKITU EZINIK
Sukar altua beti izan duela ekarri du gogora, eta egun batzuetara diarrearekin hasi zela kontatu du. Urgentzietara bidali zuten: «Ni pauso bat aurretik moduan ibili naiz. Orduan ez zen esaten COVID-ak diarrea eragin zezakeenik, eta etxera bidali ninduten, eta ez zidaten etxetik ateratzen uzten». Guzti hori eta gero, hiru aste pasa ziren, eta orduan egin zioten lehen aldiz PCR proba. «Negatibo eman nuen, eta, beraz, familia medikuak garbi esan zidan koronabirusa baztertuta geratzen zela. Baina hiru astera ezinezkoa zen nik positibo ematea». Hor hasten da amesgaiztoa gaztearentzat. Osatuko zela uste izan bazuen ere, ez da horrela izan. Osasun arazo ezberdinak bizitzea egokitu zaio.
Ez du errekuperatzen bere osasuna. Sukar febrikularekin jarraitzen du, arnasketa arazoak ditu, eztula, eta nekeak ere bere gorputzean jarraitzen du. Ezin duela «eguneroko bizitza» egin dio. Mediku azterketa asko pasa behar izan ditu beste gaixotasunik ote duen ikusteko, «baina ez da ezer atera». Asko kosta ostean, serologiako proba egitea lortu zuen, eta hor ere negatibo eman zuen. «Elkarteko jende pila bat dago negatibo emanda, ingresatuta egon direnak ere bai», azpimarratu du, eta teoria bat ere azaldu du: «Orain esaten ari dira gureak ez direla ondorioak, baizik eta sintomak bizitzen ari garela, eta oraindik birusa gorputzean dugula, eta horregatik ez ditugula antigorputzak sortzen».
«Ez diot azalpenik bilatzen pasatzen ari zaidanari. Hain garbi esaten dizute COVID-a ez dela, nahiz eta zuk pentsatu baietz. Beste gaixotasunik ere ez dut... egoera berriak sortzen zaizkizu, eta medikuek ez zaituzte ikusten, hau da, ikusten nindutenerako sintoma horiek pasata nituen», kontatzen du. «Egunero abentura bat da, eta ez dakizu nola jaikiko zaren hurrengo egunean», jarraitzen du. «Gaixo zaude, ez diozu bueltarik ematen, eta ez dakizu noiz bukatuko den. Oso gogorra da». Eta «ez naiz hipokondriakoa», gaineratu du.
Medikuentzat ere egoera berria dela jakitun da. Pazientzia izan duela dio, baina «gurekin enpatia edukitzea baino ez dugu eskatzen. Entzutea nahi dugu, eta artatzea, eta ez medikuarekin ere borrokan aritu behar izatea. Hondoratuta geratzen gara entzuten ari garenarekin. Egoera hau azaleratu beharra dago».