«Naturarekiko zaletasunaren bidea irekitzen saiatuko gara»

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 16a, 19:58
Iturria: Ekogunea

Kutxa Ekoguneak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak 12 eta 15 urte bitarteko gazteei zuzendutako Bihotz Berdeak programa abiarazi dute; tartean da Jon Ander Galarraga Alegiako biologoa.

Gazteak naturan murgiltzen laguntzeko programa da Bihotz Berdeak. Kutxa Ekoguneak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu dute, Real Sociedad Fundazioaren laguntzarekin, eta 12 eta 15 urte arteko gazteei dago zuzendua. Izena ematen dutenek hilean behin egingo dute irteera, igandeetan, eta arlo zehatz bat lantzeko aukera izango dute adituen laguntzarekin. Mundua eraldatzeko giltzarriak eman nahi dituzte eta naturzaletasuna bultzatzen lagundu, Jon Ander Galarraga Ekoguneko kideak esan duenez.

Zein da Bihotz Berdeak egitasmoko helburua?
Bihotz berdea duten gazteak lotu nahi ditugu Kutxa Ekogunetik. Hau da, ingurumenarekin, naturarekiko eta bizidunekiko berezko feeling bat izango duten gazteak bildu nahi ditugu eta formakuntzan lagundu. 

Eta nola lortu nahi duzue hori?
Bederatzi irteera egingo ditugu mendian zehar. Irteera bakoitza gai zehatz bati buruzkoa izango da eta adituak edo zientzialariak izango ditugu bidelagun. Denok ezagutzen dugu gazteren bat mendia joatean intsektuak edo hostoak biltzen dituena, txoriei begira geratzen dena... eta horien bila goaz programa honekin, asebete nahi ditugu. Etorkizunera begira ingurumenean erreferentzia izango duten pertsonak atera daitezke hemendik, batek daki.

Hilabetero egingo dituzue irteerak, ezta?
Hilean behin egingo ditugu, hileko azken igandean zehazki. Leku ezberdinetara joango gara; Oriamendira, Artikutzara, Zumaiako flyschak ikustera... Esaterako lehen irteera botanikari lotua izango da, Aranzadikoen laguntzaz. Zuhaitz eta hosto desberdinak bereizten ikasiko dute... Mikologiari lotutakoa ere egingo dugu eta perretxikoak bilduko dituzte. Beste batean entomologia edo intsektuen ingurukoa ere izango dugu; intsektuak nola bilatu eta zein teknika dauden ikasiko dute. Orientazioa ere landuko dugu. Arlo asko landuko ditugu, formazioa oso zabala izango da. Helburua da gazte hauek gero bere kasa ateratzea eta erreminta hauek erabili ahal izatea afizio hau lantzen jarraitzeko.

Gazteekin lan egitea oso aberasgarria izango da gainera.
Gazteei erakutsi ahal izatea oso interesgarri eta aberasgarria da. Nire garaian ez zegoen Bihotz Berdeak bezalako programarik eta horrelako zerbait egin ahal izatea oso pozgarria da. Gazte hauekin egon ahal izatea zoragarria da; sugandila bat ikustean interesa dute, edo txori bat hegan ikusten dutenean, edo eboluzioari buruz galdetzen dizute... Oso feeling berezi eta polita sortzen da, kristoren zortea dugu hau antolatu ahal izateagatik. Gazte hauei bide bat irekiko diegu,eta garai txar hauetan naturaz gozatzeko aukera izango dute. 
Futbolaren edo beste zaletasun batzuen bideak oso erraz irekitzen dira, baina naturzaletasunaren bidea irekitzea ez da erraza eta hori irekitzen saiatuko gara. Aukera emango diegu naturzaletasuna eurekin eramateko.

30 gazteko taldea osatu nahi duzue, nola zoazte?
Gazte batzuek eman dute izena jada eta pixkana-pixkana ari gara taldea osatzen, izen ematea zabalik dago oraindik, hilaren 21a da izena emateko azken eguna. Beraz, ingurumenarekiko eta naturarekiko harreman polita duten eta jakintza zabaldu nahi dutenek eman dezatela izena. ekogunea.eus webgunean dago izena emateko aukera eta informazio guztia. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!