Baiko enpresako pilotari gehienek bizi duten egoera salatu dute

Baiko enpresako hemezortzi pilotarik osatutako taldeak, ia enpresako guztiek, prentsaurrekoa eman dute gaur arratsaldean Tolosako Beotibar frontoian. «Pilotariok atsekabe orokor bat bizitzen ari gara aspaldian enpresak gurekiko hartu dituen hainbat jokabiderekin. Jokabide horiek, zuzendu beharrean, biderkatu egin dira azken hilabeteetan», zehaztu dute.

Baikoko eskualdeko lau pilotariek, Iñaki Artolak, Jon Ander Peñak, Beñat Urretabizkaiak eta Jon Erasunek, bat egin dute taldearekin. Lehen hirurak egon dira prentsaurrekoan, eta Erasunek ezin izan du egon, COVID-19a dela-eta konfinatuta baitago.

Asegarce Baiko bihurtu zenetik, 2018aren bukaeran, eta Jose Ramon Garai zuzendari nagusi berriaren izendapenetik aurrera, «aurretik bizi edo ezagutu gabeko egoerak jasaten» hasi zirela azaldu dute pilotariek. Besteak beste, entrenamenduetan ez dela pilotarien «egoera pertsonala kontuan hartu» zehaztu dute. Bestetik, aurrekontratua duten pilotari gazteei Bilbora edo Beasainera «astean hirutan joatera behartzen» dituztela azaldu dute, «etorkizunerako inolako bermerik gabe» eta «soldata duinik gabe». Kontratuak berritzeko garaian, Jose Ramon Garairekin izandako elkarrizketak «oso zailak» izan direla, eta tartean «errespetu falta garbiak» egon direla esan dute pilotariek. Bestalde, Eskiroz eta Victor pilotariei kontratua ez berritzea salatu dute: «Enpresaren mendekua izan da, ERTEtik irteteko negoziazioan gertatu zen guztia dela eta».

Pilotariek hainbat eskari egin dizkiote enpresari. Batetik, Jose Ramon Garai zuzendari nagusiak «jarrera aldatu» dezala: «Langileekin gehiago komunikatu dadila, negoziatzeko prest egon dadila eta kirol-arloko tratuan zein tratu pertsonalean aldaketak egin ditzala». Horrez gain, «era erabat bidegabean» berritu gabe geratu diren kideei «baldintzatik gabeko babesa» eman diete. «Azkenaldian hartutako zenbait erabaki birplanteatzeko» ere eskatu die enpresari. Eskaerei «entzungor» egiten bazaie eta «tratu bera» jasotzen jarraitzen badute, «neurri zorrotzagoak» hartu beharko dituztela esan dute, eta mobilizazio bat egiteko aukera aipatu dute.

Horrez gain, egoera honen aurrean, pilotari profesionalen elkarte bat sortuko dutela azaldu dute, «egungo pilotariak eta datozen urteetan etorriko direnak babesteko».

(Albistearen audioan prentsaurreko osoa dago entzungai)

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!