Gutxitan gertatzen den bezala, sindikatu guztiek elkarrekin egin diete grebarako deia, unibertsitatez kanpoko hezkuntzako langile guztiei. Deitutakoen %70ek parte hartu dute greba egunean, sindikatuek emandako lehenengo datuen arabera. Donostian, esate baterako, jendetza elkartu da eguerdian ikastetxeetara itzulera «adostua eta segurua» eskatzeko egindako manifestazioan.
Atzo argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak gaurko gutxieneko zerbitzuak ezartzeko agindua, eta aurrekoetan baino «handiagoak» izan direla salatu dute hezkuntzako langileek eta ohar batean sindikatuek azpimarratu dute aztertzen ari direla gutxieneko zerbitzuen agindua epaitegietara eramateko aukera. Juan Karlos Alduntzin, Alkizako eskolako zuzendariaren ustez, «astakeria galanta» izan da hainbesteko gutxieneko zerbitzu agintzea: «Sailburu berriak elkarrizketa eskaini, baina gero zerbitzu minimo basatiekin erantzuten du; horrek gure greba eskubidea, gure aldarrikapen eskubidea murriztu egiten du». Alkizakoan bezala, Amasa-Villabonako Fleming herri eskolan ere greba egin dute irakasleek eta umerik ez da gerturatu ikastetxera. Jesus Quesada zuzendariaren esanetan, «ikasleak azaldu balira osasun baldintzak betetzeko gai ez ginateke izango, burbuilak ezingo genituzke mantendu».
Berdina gertatu da, Tolosako Laskorain ikastolan. Irakasleen %40ak egin du bat grebarekin eta honenbestez Haur Hezkuntzan zerbitzurik ez eskaintzea erabaki dute ikastetxeko arduradunek. «Lehen Hezkuntzatik aurrerako mailetan zaintza zerbitzua eskaini dugu, eta gutxi gorabehera, ikasleen %50 gerturatu da ikastolara. Ikasgela eta mailaren arabera aldatu da ikasleen etorrera», esan du Iñaki Olaetxea ikastolako kudeatzaileak.
Itunpeko ikastetxeekin jarraituz, eskualdeko Zubimusu, Irura eta Uzturpe ikastolek ere bat egin dute greba deialdiarekin. Usue Sukia Uzturpeko zuzendariak adierazitakoaren arabera, langileen « ia gehiengo osoak» egin du bat grebarekin. «Lau ikasle bakarrik azaldu dira eta hauei zaintza zerbitzua eskaini diegu». Itunpeko eskualdeko beste ikastetxeari dagokionez, Herrikidek normaltasunez eman ditu eskolak. Irakasle bakar batek egin du bat greba deialdiarekin.
ZERBITZU GUZTIETAN ERAGINA
Ikastetxeetan eskaintzen diren gainerako zerbitzuetan aritzen diren langileak ere grebara deituta daude gaur, nahiz eta Jaurlaritzak argitaratutako arauaren arabera behartuta egon lan egitera. Garbiketako langileen %100 bertaratzea «ezinbestekotzat» jo dute gutxieneko zerbitzuetan eta jantoki zerbitzua ere bermatuta egotea eskatu dute. Asteasuko Pello Errota ikastetxean, esate baterako, jantokiko langileek joan den astetik zuten erabakita grebarekin bat egitea eta janari eskaerak etenda zituzten. Gaur, otordurik ez dute eman, baina zaintza zerbitzua bermatu dute. Asteasuko eskolan langileen %61k grebarekin bat egitea erabaki du eta beraz, gutxieneko zerbitzuak bai, baino eskolarik ez dute eman. «Ikaslerik ez da azaldu», aipatu du Onintza Elduaien Pello Errotako zuzendariak.
Eskualdeko beste zenbait ikastetxe publikoetan, esate baterako Zizurkilgo Pello Mari Otaño ikastetxean, greba deialdiak ez du nahikoa babesik eduki eta normaltasunez gerturatu dira ikasle gehienak eskolara. Samaniego ikastetxean ere, soilik irakasleen %18k egin du grebarekin eta jangela zerbitzua bermatu dute. Eskolara joateko garraioari dagokionez, Samaniego ikastetxera joateko bi autobusek ez dute zerbitzurik eskaini.
BABES FALTA SALATU DUTE
Grebarekin bat egin edo ez, langile guztiek eskatu diote Hezkuntza sailari errealitate bakoitzari egokitutako irtenbideak adostea tokian tokiko ikastetxeekin. Ikasgeletan burbuilak sortu eta segurtasuna mantendu dadin ratioak jaitsi behar direla uste dute irakasleek. Olatz Urraca Pello Mari Otañoko ikasketa buruak azaldu duenez kontratazio berriak beharko lirateke horretarako: «Udalak eskaintzen dizkigu espazioak ikasgelak kokatzeko, baina bikoizketa hori egiteko irasleak falta ditugu».
Baliabide falta hori nabarmendu du, baita ere, Joxemi Eizagirre Amasa-Villabonako Erniobea institutuko ikasketa buruak: «Aurten inoiz baino behar gehiago dugunean inoiz baino baliabide gutxiago ditugu. Gurean ikasgela txikiak dira eta gehienetan 20 ikasletik gora dago. Beraz erabaki dugu, ratioak jaitsi ahal izateko, irakasleon errefortzu orduekin lehenengo mailan sortzea bosgarren gela bat eta laugarren gela bat laugarren mailan».
Quesadak laburbildu du ikasturte hasieran ikastetxe gehienek izan duten sentimendua: «Abandonatuta sentitu gara, norberak ahal den moduan hartu ditu neurriak baina dauzkagun zalantzak argitzea asko kostatzen zaigu. Babes falta ikaragarria sumatu dugu». Hala ere, egoerari aurre egiteko konbentzimenduaz bukatu nahi izan du: «Ziurgabetasunak ziurgabetasun gogoz eta ilusioz gaude eta hori transmititzen diegu gainerako irakasleei. Erronka modura hartzen dugu».