Amezketako Zumadi eskolako 107 ikasleek hasi dute ikasturte berria. Koronabirusean emandako positibo bat tarteko astebete atzeratu zaie eskolarako itzulera. Eskolako lehen egunean, gehiengoa maskararen atzean irribarre bat marraztuta sartu da jolaslekura.
Euskal musika doinuek egin diete ongietorria ikasle, eta baita zenbait gurasori ere. Batzuk goiztiarrak izan dira. Gela bakoitzak bere lerroa osatu du hasteko, eta irakaslearekin hitz egiteko aukera izan dute; edota irakasle berria ezagutzekoa.
Zuzendaritzatik lanerako «gogoz», eta batik bat «martxa hartzeko» gogoarekin daudela nabarmendu dute. Era berean, egoeraren aurrean, gurasoek «erantzun ezin hobea» eman dutela azpimarratu dute. Protokolo guztia prest zuten etxean konfinatu aurretik, eta ez ditu esku hutsik harrapatu. Gaur, ordea, azken prestaketak egin, eta ikasleei harrera egiteko prest zeuden irakasleak.
Gurasoek ez dute beste erremediorik izan, eta egoerara moldatu behar izan dute. Txikienak izan dira gurasoen eskuetatik banatzea gehien kosta zaienak. Hala ere, ikasleen gehiengoa eskolan hasteko gogoz azaldu da, «pozik eta gogotsu».
Hamabi urte bitarteko ikasleak hartzen ditu Zumadi eskolak, eta nagusienetatik hasi, eta ikasle lerro bakoitzak eskola barrurako bidea hartu du gaurkoan. Musukoak soinean. Hasi da ikasturtea Amezketan.
UZTURPEN, HIRU POSITIBO
Positiboek sortzen dituzten etxeratzeak eguneroko ogia izango dira datozen asteetan eta hilabeteetan ikastetxeetan. Ibarrako Uzturpe ikastola da kasu horietako bat. Pasa den ostiralean eman zen lehen positiboa 4 urtekoen artean eta ondorioz, 4 urtekoen bi gelatako ikasleak etxean daude. 5 urteko gelan egon da positibo bat ere, eta gela hori etxean dago ere. Guztira hortaz, hiru gela bakartu behar izan dituzte eta bi dira positiboak.