Altuna III.a Artolarekin batera finalerdietan izango da

Ataria 2020ko irailaren 14a

Argazkia: BAIKO

Azken aurreko jardunaldia dago jokoan, eta Artola-Rezusta bikoak dagoeneko txartela bazuen ere, Altuna III-Imazek beharrezkoa zuten garaipena eskuratu dute. Jaka-Albisu bikoak zain egon beharko du gaur jokatuko den partidari, asteburuan galdu ondoren.

CaixaBank Masterseko hamahiru jardunalditan hamaika garaipen lortu ditu Artola-Rezusta bikote gipuzkoarrak, azkena asteburu honetan Tolosako Beotibar pilotalekuan, 9-22 garaituz Ezkurdia eta Aranguren. Azken hauek ia aukera gabe geratu dira finalerdietarako sailkatzeko. Gaur, Bengoetxea VI-Martijak Villamediana de Ireguan garaipena lortzen badute, nafarrek jokoan dagoen laugarren eta azken txartela eskuratuko dute. Artolak konfinamendutik atera berritan jokatu zuen partida.

Bere aldetik Altuna III-Imazek 15-22 garaitu zituzten Urrutikoetxea-Bikuña Igorren jokatutako partidan, era bederatzi garaipenekin sailkatu dira finalerdietarako. Norgehiagoka erraz hasi zuten 0-7 aurretik jarri ondoren. Urrutikoetxeak eta Bikuñak hala ere ez zuten etsi eta 11-15 hurbildu ziren markagailuan. Gora behera handirik egin gabe, urdinek abantailari eutsi zioten eta azkenean 15-22 gailendu ziren. 

Jaka-Albisuk 22-16 galdu zuten Olaizola II-Zabaletaren aurka. Partidan ez ziren abantaila handiak izan inoren alde eta tanto ederrak eskaini zituzten lau pilotariek ikusleen gozamenerako. Azkenean, garaipena eta finalerdietarako txartela bikote nafarrarentzat izan zen. Jaka-Albisuk, Ezkurdia-Aranguren bikoak bezala, Bengoetxea VI-Martijak lortzen duten emaitzaren zain egon beharko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!