"Ezinbestekotzat jotzen dugu klase presentzialei planto egitea"

Ataria 2020ko ira. 11a, 19:58

Ikasle Abertzaleak ikasle antolakundeak egun osoko greba deialdia egin du irailaren 15erako, bigarren hezkuntzan, lanbide heziketan eta unibertsitatean.

Tolosaldeko Ikasle Abertzaleko kideak dira Leire Romero eta Axier Gurrutxaga. Kezkatuta daude hezkuntzak duen norabidearekin eta irailaren 15ean Donostian egingo den mobilizaziora joateko deia luzatu diete ikasleei, "kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den langileon kontrolpeko hezkuntza ereduaren alde" borrokatzera.

Irailaren 15eko grebara gehitu da IA. Zer dela eta?

Pasa den ikasturtean hasi zen Covid-19aren ondorioz etorritako salbuespen egoera, eta honek, beste arlo guztietan bezala, hezkuntzan ondorio nabarmenak izan ditu. Martxoan, salbuespen egoerak, ikasle langileon ongizatea ahalik eta gutxien kolpatzea helburu zuen programa politikoa egin genuen publiko, Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu lemapean, sei puntu barnebiltzen zituena: online ikasketa plana bertan behera uztea eta ikasgaien gainditze automatikoa ematea, besteak beste.

Honen ostean, Eusko Jaurlaritzak EAEko ikastetxeetarako klase presentzialen itzulera plana diseinatu zuen, eta erabaki honek milaka pertsonaren etorkizunarekin eta ongizatearekin arduragabekeriaz jokatzen zuela ikusirik, klase presentzialen itzulera planari aurre egin eta greba mugagabea deitu genuen. Hezkuntza komunitatea normalitate berriaren esperimenturako erabili izana leporatuz, Ez gara zuen esperimentu izango lemapean abiatu genuen maiatzaren 25ean greba mugagabea. Finean, uste dugu iazko ikasturte amaieratik egoera ez dela aldatu; horregatik deitzen dugu greba hau ere. Hezkuntza komunitateko langileriaren osasuna bermatzen ez den bitartean, klase presentzialen etetea exijitzen dugu, bigarren hezkuntzan, lanbide heziketan eta unibertsitatean deitu dugularik greba eguna.

Zein dira grebaren helburuak?

Helburua da hezkuntza komunitatearen osasuna bermatzen ez den bitartean, aurrean izango gaituztela argi uztea, beste behin ere. Honekin batera, noski, osasun berme batzuk emango dituen gutxieneko neurri batzuk exijitzea eta ezartzea nahiko genuke; baina, uste dugu egoerari eusteko eskaera batzuk egitea ez dela nahikoa, arazoaren erroa ez baita instituzioen kudeaketa penagarria, hezkuntza sistemaren izaera kapitalista baizik. Hau horrela, momentuko osasun berme batzuk exijitzeaz gain, hezkuntzaren gaineko langile kontrola da epe luzerako dugun helburua. 

Zein beste aldarrikapen egiten duzue?

Salbuespen egoera hasi zenean bezala, aldarrikatu nahi duguna ondorengoa da: hezkuntzaren gaineko langile kontrola, kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izatea. Esan bezala, gure iritziz, salbuespen egoerak hezkuntza sistemak berezkoak dituen arazo batzuk areagotu ditu, eta berezkoa duen izaera kapitalista azaleratu du: krisi garaian ezinbestekoak diren hezkuntza-erreformak eta esperimentazioak, hezkuntza komunitatearen osasunaren gainetik jarri izana da honen adibide garbia.

Hezkuntzaren gaineko langile kontrola lortzera bidean, beharrezkoa ikusten dugu gaur-gaurkoz zenbait neurri eta horien berehalako aplikazioa exijitzea, eta ondorengoak dira mahai gainean jarri ditugun berehalako exijentziak:

  1. Ikasle langileek hezkuntzara sarbidea izan dezaten bermatzea.
  2. Ikasketa modalitate telematikoak sortutako zailtasun akademikoek ikasleen ikasketa prozesua ez oztopatzea.
  3. Lan politikoa eta militantea egiteko eskubidea (biltzeko eta manifestatzeko eskubidea, besteak beste) bermatzea.

Borroka horretan ikasleek ere parte hartzea beharrezkoa ikusten duzue?

Hezkuntza komunitateko beste sektoreekin batera, ikasleriak greban parte hartzea guztiz beharrezkoa dela uste dugu. Izan ere, krisi kapitalistaren testuinguruan, kapitalak irabazi dinamika ziklo berri bat artikulatzea ezinbestekoa du, eta honek hezkuntza sisteman aldaketak egin beharra dakar, izan honen forman edota edukian. Hau horrela, hezkuntza erreforma prozesu batean murgilduta dagoela gure azalean bizi dugu ikasleok, zenbait aldaketa pairatu ditugularik azken hilabeteotan. Zehazki, digitalizazio prozesua nabarmentzen dugu: itxialdia dela eta, ikaskuntza presentziala murriztu eta hezkuntza telematikoaren aldeko apustua egin izana ez dugu uste soilik aldaketa koiunturala izango denik; ziurrenik geratzeko etorriko diren aldaketen esperimentazioa baita.

Digitalizazioaz gain, heziguneetan kontrol sozialaren areagotzea ere pairatu dugu, Espainiar Estatuko autonomia erkidegoek zenbait enpresa pribaturekin sinatutako milioika euroko akordioak eta horrela, enpresa hauek hezkuntzan izandako esku hartzea ere salatu nahi ditugu. Hau guztiagatik, uste dugu ikasleriak klase presentzialei planto egitea ezinbestekoa dela, hezkuntza komunitatearen osasuna bermatzen ez den bitartean, behintzat. 

Mobilizazio ezberdinak antolatu dira data horren bueltan. Ikasle Abertzaleak-ek prestatu du zerbait?

EAEko hiru hiriburuetan, hots, Bilbo, Gasteiz eta Donostian, irailaren 15ean goizeko 11:00etan burutuko ditugu mobilizazioak, Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu! lelopean. Iruñean, berriz, hezkuntza delegaritzaren aurrean elkarretaratzea egingo da 20:00etan. Gure kasuan, Donostiako mobilizaziora deitzen dugu ikasleria osoa: 11:00etan Ibaetako kanpuseko Aulariopetik abiatuko den manifestazioan parte hartzera. Ezinbestekotzat jotzen dugu hezkuntza komunitatearen osasuna bermatzen ez duten klase presentzialei planto egitea, eta kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den langileon kontrolpeko hezkuntza ereduaren alde borrokatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!