Aurtengoan, Asturiasen soilik

Imanol Garcia Landa 2020ko ira. 9a, 11:59

Amundarain eta Mateos, lehen planoan, proba bat hasteko zain.

Lau itsas zeharkalditan parte hartzeko asmoa dute aurtengo denboraldian Erika Amundarain eta Ioseba Mateos igerilariek, eta dagoeneko bi egin dituzte.

Denboraldi berezi honetan, itsas zeharkaldiak egiten dituzten Erika Amundarain billabonatarra eta Ioseba Mateos ibartarra Asturiasen lehiatzen ari dira, bertan ari baitira antolatzen soilik aurten probak. Guztira lau itsas zeharkalditan parte hartuko dute, eta dagoeneko bi egin dituzte. Abuztu hasieran I. Travesia de el Cerro proban hirugarren postua lortu zuen bakoitzak, nagusien mailan, eta abuztuaren bukaeran egindako XXVI. Travesia a Nado Playa de Poniente proban bigarren postua lortu zuen bakoitzak, maila berean.

Mateosek azaldu duenez, «gogoz» zeuden lehiatzeko. «Konfinamendua bukatu zenetik hasi gara itsasoan entrenatzen, eta Euskal Herrian ez denez probarik antolatu, Asturiasera joan gara». Gustura daude orain arte lortutako emaitzekin. «Uste baino hobeto joan dira», esan du Mateosek, eta Amundarainek gaineratu: «Gustura gaude, motibazio pixka bat behar genuen eta. Ez noa postu baten bila, gozatzera baizik. Gero emaitza onak etortzen badira, ongi etorriak izango dira».

Normalean 20 proba inguru egiten dituzte denboraldi batean. «Gaizki ari naiz eramaten aurtengo denboraldia», esan du Amundarainek. «Azkenean egunero gogor entrenatu behar dugu, eta lehiaketa falta horrek niri asko eragiten dit. Kosta egiten zait igeri egitera joatea, baina denak bezala, ahal dugun moduan moldatzen ari gara». Hori bai, probak egiterakoan «lehiaketaren sentsazio hori, urduritasuna, sentitu nuen, eta gustura aritu ginen», gaineratu du.

Proben falta hori konpentsatzeko, asteburuetan beste zenbait igerilarirekin elkartzen dira, hamabost bat inguru, lagunarteko zeharkaldiak egiteko. «Zortzi-hamar kilometro ingurukoak izaten dira», esan du Mateosek. «Batzuetan lagunen bat etortzen zaigu piraguarekin edo ontziren batekin laguntzera. Zeharkaldi horiek motibatu egiten gaituzte sasoian egoteko». Asteburu honetan, esaterako, Mutriku eta Zumaia artean hamabi kilometroko zeharkaldia egingo dute.

Igerilariei bereziki zaila egin zaie konfinamendua, uretan entrenatu behar baitute. «Etxean geunden ariketak egiten, eta ez genekien zer gertatuko zen denboraldiarekin. Guk ura behar dugu, eta hori gabe egotea oso zaila egin zaigu. Bereziki itsasoan igeri egitea gustatzen zaigu», azaldu dute.

Denboraldiari bukaera irailaren amaieran emango diote, 26an eta 27an proba bana egingo baitute Gijonen. «Gero ikusiko dugu zer gertatzen den COVID-19aren gaiarekin», esan du Mateosek. «Igerilekuan Master mailan lehiatzen gara, hilabetean proba bat eginez, eta espero dugu lehiaketa horiek egin ahal izatea». Hain justu, Amundarainek eskaera garbi bat egin du, Mateosek berretsi duena: «Mesedez, ez ditzatela berriro igerilekuak itxi».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!