«Oso zaila da baldintza duinetan lan egin dezaketela ziurtatzea»

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ira. 9a, 07:59

Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun Sailak antolatuta, etxeko lanen sektorearen egoera aztertzeko solasaldia eman zuen Stijn Callens SOS Arrazakeriako aholkulari ohiak, ostiralean, Lehiberrin.

Etxeko lanen sektoreko 10 langileetatik 9 emakumezkoak dira. Oso feminizatua dagoen lanbidea izanik, zaintza erdigunean jartzea ezinbestekoa dela dio Stijn Callens (1958, Belgika) SOS Arrazakeria elkarteko aholkulari ohiak. 10 urtez aritu zen lanean, eta orain hitzaldiak eskaintzen ditu, aditu modura. Langileak profesionalak direnez, euren eskubideak bermatu behar direla dio.

Zer dela eta egin duzue formazio saioa?

Tolosaldea Garatzen garapen agentziatik etxeko lanen sektoreak eskaintzen duen zerbitzuari buruz hitz egiteko aukera eskaini zidaten, aholkulari modura saio bat eskaini, eta sektoreko langileei esku bat botatzeko asmoz. Ez nuen zalantzarik izan, behar bat ikusten nuelako.

Nolako erantzuna izan du?

Sektorearekin nahiz migrazioarekin zerikusia duten gizarteko elkarte ezberdinetatik etorritako jendea izan dugu. Erantzun ona izan du, nahiz eta gustura hartuko genituzkeen sektoreko langileak ere, bertaratutakoek ere beste ikuspegi bat edo errealitatea bizi dutenen sentsazioak bereganatu zitzaten. Solasaldian parte hartu zuten guztiek ere lotura zuzena dute sektorearekin, teknikariak baitira.

Zer da saio honetan lantzen duzuena?

Zehatzagoak izan nahian, bi zatitan banatu dugu formazio prozesu honen dinamika, hau da, bi solasaldi ezberdin egingo ditugu. Lehenengoan, alderdi teorikoari erreparatu genion, eta talde ikuspegiaz aritu gara. Urrian egingo dugun bigarren saioan alderdi praktikoari eta eguneroko lanari buruz ariko gara.

Eta zertan lagundu dezakete saio hauek?

Lan mundurako bideratze lanak egiten laguntzen dute, helburu hori du, hain justu, Tolosaldea Garatzen agentziak. Orientatzaileek familiekin nahiz langileekin lan egitean izan ditzaketen zalantzak argitzen nahiz erraztasunak bilatzen laguntzen duten saioak izaten dira. Kanpotik datozen langileak izaten dira, ezezagunen etxeetara sartzen direnak. Hortaz, askotarikoak izaten dira horrelako saioetan biltzen ditugun iritziak. Gure kasuan, guztientzako onenak izan daitezkeen irtenbideak aurkitzen saiatzen gara, baina ez da erraza.

Zein da etxeko lanen sektoreak eskualdean bizi duen egoera une honetan?

Sektoreak bizi duen egoerari dagokionez, ez diogu soilik bertakoari begiratzen, ezta lurraldekoari ere, izan ere, begirada orokor batetik interpretatzen dugu. Oro har, fama txarra duen sektorea da. Lan egiteko baldintzak nahiko txarrak izaten dira gehienetan. «Hau ez dago ondo eta beste modu batera egin beharko genuke» edo «hau da egokitu zaiguna, eta ahal duguna egin behar dugu egoera hobetzeko» bezalako esaldiak entzutea egokitu zait behin baino gehiagotan.

Bestetik, lana ondo egin eta baldintza egokiak lortuz gero, zein egongo da langileei ordaintzeko prest? Prekarietatea geroz eta handiagoa da, eta beraz, oso zaila da baldintza duinetan lan egin dezaketela ziurtatzea.

Nola eragin du COVID-19aren pandemiak etxeko lanen sektorean?

Sekulako inpaktua izan du, inolako zalantzarik gabe. Lehen, egoera larrian bazegoen sektorea, orain are gehiago. Kontuan izan behar da lan honetan zuzeneko kontaktu ugari izaten dela, eta beraz, kasu askotan ondorioak larriak izan dira. Famili askotan beldurra gailendu da, edota langile askori osasun eta segurtasun neurri zorrotzagoak ezarri behar izan dizkiete. Batzuek, esaterako, berrogeialdia egin behar izan dute, eta ez zaie etxetik ateratzen utzi.

Ondorio larriak izan ditu baita ere agiririk gabe lanean ari zirenentzat. Izan ere, aldi baterako lanik gabe geratzearen ondorioz, ezin izan dute beharko luketen diru-laguntza jaso, gizarte-segurantzaren prestaziorik gabe geratu direlako. Jaso ahal izan dutenek ere berandu jaso dute, prozesu luzea izan delako, asko zaildu dena. Hori dela eta, egoera honek agerian utzi du kontraturik gabe lanean aritzen diren langileen zaurgarritasuna.

Ekonomikoki ere eragingo zuen, noski.

Bai. Pobrezia handia eragin du. Lanik gabe geratzearekin batera, etxeko langileak errekurtsorik gabe geratu dira, hilabete amaierara justu heldu direlarik. Muturreko egoeran bizitzea egokitu zaie askori, eta laguntza eske joan behar izan dute elikagai bankuetara nahiz udaletxera.

Sektoreak bizi duen egoerari buruzko lanketa bat egin du Tolosaldea Garatzenek. Nola landu da hori?

Sektoreak bizi duen egoera den bezalakoa zergatik den aztertzen saiatu gara. Esaterako, Espainiako Estatuan agiridun edo agiririk gabeko etorkinak dira lan hori gauzatzen dutenen gehiengoa. Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan ez da horrelakorik gertatzen. Egia da sistemak oso ezberdinak direla, eta bakoitzak bere abantailak eta desabantailak izango dituela; faktore asko izan behar dira kontuan. Herrialdearen arabera, era guztietako egoerak ikus daitezke. Guk bertakoa aztertu dugu, beste leku batzuetakoarekin alderatuz, alternatibak eta lan egiteko modu hobeak aurkitu nahian.

Zer egin daiteke sektorearen egoera hobetzeko eta nola egin daiteke hori?

Zaila iruditzen zait honi irtenbide garbi bat aurkitzea, baina uste dut marraztu daitekeela hartu nahi den norabidea. Bi maila bereiziko nituzke. Batetik, langileari negoziaketarako botere handiagoa emango nioke. Horrela, aldaketak egon daitezke legegintzan nahiz administrazioan.

Horrez gain, ikuskatzaileek lan handiagoa egin beharko lukete, eta neurriak zorroztu. Zaila da etxebizitzetan sartzea, jabedunak direlako, baina kontuan izan behar da langile horiek ez dutela euren bizitza aurrera ateratzeko beste aukerarik. Oso garrantzitsua da ere etxeko langileak kolektibizatzea, loturak bilatzea, eta askotan aurre egin behar izaten dioten bakardade egoerari talde bezala heltzea.

Bitartekotzarako formulak bilatzea ere ezinbestekoa iruditzen zait. Hori enpresa baten bitartez izan daiteke adibidez, horrela, lan-hitzarmen bat izango lukete. Gizartearen ikuspegia ere aldatu beharra dago, oso feminizatua baitago lanpostu hau. Eta azkenik, Espainiako Estatuak ere badu lana, berez izan beharko lukeenarekin alderatuta, oso eskasa baita zaintza lanetan egiten den inbertsio publikoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!