Getariatik Sanlucar de Barramedara bizikletaz

Ataria 2020ko ira. 8a, 12:59

Lehen mundu-biratik 500 urte betetzen diren honetan, Magallanes-Elkano espedizioa abiatuko da bihar Getariatik; parte hartuko duen abenturazaleetako bat Iosu Iztueta tolosarra izango da.

Magallanes-Elkano espedizioa jarriko da martxan bihar Getariatik, hamaika egun igarota, irailaren 19an, Sanlucar de Barramedatik igaroz Sevillara iristeko. Euskal Herritik Andaluziara bitarteko bizikleta-ibilaldiak 1.605 kilometro izango ditu, eta lehen zirkumnabigazioaren historiaren parte izan ziren Gaztela eta Leongo eta Gaztela Mantxako herrietatik igaroko da.

Elkano Fundazioak eta Andaluziako turismo sailak elkarlanean garatu duten ekimenean lau abenturazalek hartuko dute parte, eta tartean da Iosu Iztueta tolosarra. Nacho Dean, Emilio Martin eta Ana Zamoranok osatuko dute taldea, eta haiekin batera Elkano Fundazioko zuzendari Ion Irurzunek ere hartuko du parte. Era berean, ibilbidean zehar, igaroko dituzten erkidegoetako beste hainbat abenturazale ere gehituko zaizkio taldeari.

Elkano Fundazioak pasa den urtean sustatutako Getaria-Sevilla bela-itsasaldian bezala, Magallanes-Elkano Espedizioko taldeak ere gogoeta egingo du lehen zirkumnabigazioarekin lotura duten gaur egungo gaiei buruz. Bestalde, taldeak ibilaldian izandako bizipenetan oinarrituta, historia eta kultura ibilbide pilotu bat diseinatuko da, lehen mundu-bira jendarteratzeko, baina formatu berrien bidez eta gertatutakoari buruzko hainbat ikuspegi eta kontakizun uztartuz.

Bada, Getariako frontoitik irtengo da bihar taldea, 10:00etan, eta egunean 100 kilometro eginez, ondorengo herriak zeharkatu asmo dituzte: Zumaia, Itziar, Deba, Ondarroa, Lekeitio, Bermeo, Erandio, Barakaldo, Bilbo eta Balmaseda, Euskal Herrian; Valle de Mena, Espinosa de los Monteros, Burgos, Palentzia, Valladolid, Simancas, Tordesillas, Medina del Campo eta Avila Gaztela eta Leonen; Toledo, Talavera eta Viso del Marques, Gaztela-Mantxan; eta Linares, Montoro, Kordoba, Palma del Rio, Jerez de la Frontera, Cadiz, Sanlucar de Barrameda eta Sevilla, Andaluzian. 

Euskal Herrian zehar egingo duten bideak itsas historian jarriko duela azpimarra azaldu dute sustatzaileek: batetik, itsasontzietan, eta bestetik, espezieen uharteetara ontziratu zirenen artean euskal jatorrikoak zirenen kopuru izugarrian.

Gaztela eta Leonen eta Gaztela-Mantxan, merkataritza-bideek eta garrantzi historikoko lekuek osatuko dute ibilbidea, eta Andaluzian, merkataritza-bideekin batera, berriro ere garrantzia hartuko dute lehen mundu-bira bihurtu zen espedizioarekin eta Indietako bidearekin lotura zuzena duten lekuek. Ibilaldi guztia dokumentatu egingo dute, eta dibulgazio-dokumental bat egin  asmo dute, ondoren ekimenaren emaitzak gizartearekin partekatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!