Kolaboratzaile izan nahi ‘Ataria’-n?

Ataria 2020ko ira. 8a, 07:59

Eskualdeko euskarazko komunikabideak zabalik ditu ateak bere plataforma desberdinetan parte hartu nahi duen ororentzat.

Hasi da ikasturte berria, eta azken urteetan egin moduan, kolaboratzaile izan nahi dutenei ateak zabalduko dizkie TOLOSALDEKO ATARIA-k. Proiektua eskualdeko herritarrei ahalik eta gehien zabaltzen jarraitzea da euskarazko komunikabidearen helburua, eta horregatik, beste behin, bertan parte hartzeko aukera zabaldu du. Beraz, idaztea gustuko dutenek, euren iritzia partekatzeko nahia dutenek, edota sortzen duten hori erakutsi nahi dutenek aukera paregabea dute.

Komunikabide bat, ezinbestean, ahots ugarik osatzen dute. Komunikabidean bertan gidari lanetan aritzen direnena garrantzitsua da, baina hori bezain garrantzitsua da beste aldean daudenena, entzule-irakurleen ahotsa, alegia.

Parte hartzeko moduak

ATARIA-k duen plataforma desberdinetan dute lekua ahots horiek, bai webgunean, bai paperean, bai eta irratian ere. Parte hartzeko moduak askotarikoak izan daitezke, iritzi emaile moduan, artikulu, elkarrizketa edo erreportajeak idatziz edota Ataria irratian kolaboratzaile bezala edota saio propioa izanda parte hartuz.

Eskualdearekin zerbait partekatu nahi duten guztiek dute lekua, beraz, Ataria-n, eta horretarako, komunikabidearekin harremanetan jarri baino ez da egin behar. Bideak ondorengoak dira: helbide elektronikoz ataria@ataria.eus helbidera mezua bidali daiteke. Beste horrenbeste egin daiteke Tolosaldeko Ataria-ko erredakziora bidalita, Tolosako San Esteban, 20. 20.400 helbidera, edo bertara gerturatuta. Telefonoz ere herritarren, elkarteen edota eragileen proposamenak entzuteko irrikaz egongo da ATARIA-ko lantaldea, 943 65 56 95 zenbakira deituta. 

Kolaboratzaileen sarea aberastu nahi dutenen proposamenak jasotzen hasia da Ataria, beraz, horien babesa eskertzearekin batera, herritar oro gonbidatu eta animatu nahi du proiektua bere egitera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!