Koronabirusa

Itzulera lasaia eskoletara

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 7a, 19:55

Motxila bizkarrean eta maskara ahoan itzuli dira ikasleak eskolara, eta baita irakasleak ere; «gogoa» eta «beharra» bezalako hitzak atera zaizkie gurasoei ahotik lehen egunean.

Martxan da ikasturtea. Martxoaz geroztik, atzo zapaldu zuten lehen aldiz ikasleek ikastetxea, eta zain ziren irakasleak eskola atarietan. Ezohiko ikasturte hasiera izan da honakoa, ohiko itzuleratik urrun dagoena. Sei urtetik gorako haurrek maskara jantzi behar dute nahitaez, eta baita irakasleek ere. Eskuak maiz garbitzea, distantzia errespetatzea, gauzak ez elkarbanatzea… hamaika neurri bete beharrean dira hezkuntza zentroak.

Beti da berezia eskolako lehen eguna. Zer esanik ez sei hilabete pasa ondoren, eta zer esanik ez txikienentzat. Haiek ziren maskararik gabe gerturatu ziren bakarrak, eta batek baino gehiagok eman zituzten bi pauso atzera irakaslea maskara jantzita ikustean. Hamar eta bost urteko seme-alabak ditu Aloña Eraso berastegiarrak; bata maskararekin eta bestea gabe bidali zituen eskolara: «Zaharrenak inbidiaz begiratzen zion gazteenari, hura musuko gabe zihoalako eskolara». Uda osoan maskara ahoan ibili duela eta, esan zuen «argi» daukala kirola egiteko soilik kendu ahalko duela.

«Behar genuen berriro ere martxan jartzea; datorrenari datorren bezala egingo diogu aurre», zioen Nerea Muñoz gurasoak, hiru urteko haurra Flemingera eramatean. Eskolara joateko «gogoa» batetik eta bestetik «beharra» zutela azaldu zuen Iñaki Apezetxeak Berastegiko eskolara eramaten dituen bere hiru umeez hitz egitean.

Orokorrean, lasaitasuna izan zen nagusi lehen egunean. «Uste dugu dena ongi aterako dela, lasai gaude», esan zuen Moniva Elvira lau urteko haurraren amak. Eskolan edo plazan «berdin» kutsatu daitezkeela zioen Oier Zubeldia lau urteko umearen aitak, Fleming atarian: «Arrankatu beharra dago nola edo hala, luzera doa eta egoera berrira ohitu beharko dugu». Bestelako kezka azaldu zuen Maider Irisarrik, bere bi alabak Berastegiko eskolara sartzear zirela: «Birusak baino gehiago, norbait gaixotuz gero, gurasook nola molda gaitezkeen pentsatzeak kezkatzen nau».

DENETARIKO IRITZIAK

Ikastetxeek hartu dituzten neurriak egokiak direla zioten askok, eta errepikatzen zen ideia izan zen «zerbait gertatu» daitekeela, baina ezin dela «beldurra gailendu». «Ezin gara beldurrez bizi, eta haurrek eskola behar dute, baita beste haurrekin egotea ere», zioen Ibarrako ama batek. «Hori da», erantzuten zion beste batek eta gaineratu «gero plazan jolasten nahasten dira… ez du zentzurik ikastolara ez bidali, eta gero plazan 'normal' egoteak». Ikastola eta eskoletan hartu dituzten neurriak zorrotzak direla eta ikasturtea segurtasunez hasteko moduan dagoela zioten askok.

Badira hala ere, haurrak eskolara ez bidaltzea erabaki duten gurasoak ere. Beldurrez behar bada, zuhurtziaz ere. ATARIAK hitz egin du horietako batzuekin eta ikasturtea hasi eta nola doan ikusi bitarte itxaron egingo dutela esan diote.

ASTEBETE BERANDUAGO AMEZKETAN

Amezketako eskolan klaustrokide batek positibo eman du PCR proban. Gipuzkoako lurralde ordezkaritzarekin eta prebentzio arduradunekin adostuta, 2020-2021 ikasturtea astebetez atzeratzea erabaki dute, irailaren 14ra.

Zumadi eskolako gainerako irakasleek ere asteburuan egin zituzten PCR probak eta irailaren 11ra arte isolatuta egon beharko dute. «Momentu honetan daukagun egoera kontuan hartuta irtenbide egokiena ikasturtearen hasiera atzeratzea dela iruditu zaigu», esan dute eskolako arduradunek eta barkamenak eskatu dituzte sortutako eragozpenengatik.

Amezketako Udalak aitortu du egoera honek «kezka» sortu duela hezkuntza komunitatean, eta ezinbestean, herrian ere bai. Iñaki Amundarain alkateak iragarri du eskolaren mantenua eta garbiketa udalaren eskumena izanik, eskolako garbiketa areagotzeko neurriak adostu dituztela, modu horretara ikasturte berrirako protokolo eta jardunbideak bete ahal izateko. Eskola desinfektatzeko agindua eman du alkateak eta herriko kaleen desinfekzioa areagotzekoa.

Ibarrako Uzturpe ikastolan, bestalde, 2 urteko gelako irakasle batek PCR proban positibo eman duela jakinarazi dute, eta honenbestez, ikasturtea atzo abiatu beharrean gaur hasiko dute, ordezko irakasle batekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!