Koronabirusa

Ikasle greba deitu du IAk irailaren 15erako

Ataria 2020ko irailaren 7a

Argazkia: Ikasle Abertzaleak

Hezkuntza komunitateko langileriaren osasuna bermatzen ez den bitartean aurrez aurreko klaseak etetea exijitu dute.

Bigarren hezkuntzan, lanbide heziketan eta unibertsitatean ikasle greba deitu du Ikasle Abertzaleakek irailaren 15erako Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu lelopean. Osasun baldintza segururik egon ezean, aurrez aurreko klaseak bertan behera gelditzea exijitu du IAk.

«Burgesiaren ofentsibak aurrera darrai eta sistema kapitalistaren krisia inoiz baino nabarmenagoa da», esan du ikasle antolamenduak. Kapitala irabazi- dinamika ziklo berri bat artikulatu nahian dabilela uste du IAk eta hezkuntzari dagokionez, zehazki, digitalizazio prozesua nabarmentzen dela. «Klase telematikoak behin-behineko erabilerarako aurkeztu bazituzten ere, geratzeko etorri dira». Heziketa guneetan kontrol sozialerako arriskua ikusten du ikasle antolamenduak, azaldu duenez, "informazioaren eta edukiaren gaineko kudeaketa aurrerantzean, geroz eta gehiago, haiena izango den heinean".

IAk hezkuntzaren gaineko langile kontrola eskatu du beste behin, «doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala». Hori lortzeko bidean, hainbat neurri berehala aplikatzea exijitu dute: «Ikasle langileek hezkuntzara sarbidea izan dezaten bermatzea; Ikasketa modalitate telematikoak sortutako zailtasun akademikoek ikasleen ikasketa prozesua ez oztopatzea; Eta lan politikoa eta militantea egiteko eskubidea bermatzea».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!