Ohorezko txandan sartu dira lehenengo aldiz

Imanol Garcia Landa 2020ko ira. 6a, 13:07

Tolosaldea traineruak laugarren denbora onena egin du Kontxako Banderaren lehen jardunaldian, eta datorren igandean ohorezko txandan izango da. Hirugarren onena izateko zorian ere egon da, baina Arraun Lagunak hobeto aritu da azken zatian.

Emakumezkoen Kontxako Banderan zapore gozoarekin atera dira Tolosaldea trainerukoak uretatik, baina baita gazi puntu batekin ere. Lehen txandan lehiatu dira, Arraun Lagunak, Hondarribia eta San Juanekin batera. Bigarren kalea egokitu zaie Tolosaldekoei, gaurko baldintzak ikusita bigarren okerrena, baina ziabogara lehendabizi iritsi dira, Hondarribiari hiru segundo eta Arraun Lagunakekoei lau segundo kenduz. Itzuleran, baina, beste ontziek baldintza hobeagoak zituzten eta eskarmentuak ere bere eragina izan du, eta irla pasa eta gero Arraun Lagunakekoak aurreratu egin dira eta Hondarribia gerturatu egin zaie. Beste txandan, Orio eta Donostiarra fin aritu dira eta behin behineko sailkapeneko lehen bi postuak lortu dituzte. Ondoren geratu dira Arraun Lagunak, Tolosaldea, Hondarribia, Hibaika, Zumaia eta San Juan. Orain bi urte Kontxako Banderan lehiatu zen Tolosaldea, eta zortzigarren amaitu zuen orotara. Aurtengoan lehen aldiz sartu da ohorezko txandan.

Aiora Sorozabal Tolosaldea traineruko patroia orokorrean "gustura" azaldu da egindakoarekin: "Bueltakoan pasada pixka bat hartu dugu, baina behintzat joaterakoan gozatu dugu, eta ikusita ohorezko txandan sartu garela, gustura gaude". Hasieratik joan dira ohorezko txandan izateko helburuaren bila: "Ikusi dugunean aurretik genbiltzala, gure txanda irabaztera joan gara, baina itzulerako luzeak ez du horrela erabaki". Kanpoan arraun egiteko zaila zegoela gaineratu du Sorozabalek: "Bi aldeetatik sartzen ziren olatuak, eta hor gure martxa galtzen joan gara, eta gero Arraun Lagunakekoek olatuak oso ondo hartu dituzte, eta irlatik barrura beraiek aurretik jarri dira".

Hondarribiaren aurretik amaitzearen garrantzia ere nabarmendu du patroiak: "Igoera faseari begira horrek guretzat esanahi handia du. Gaurko txanda irabaztea hobeagoa izango zen, baina ezin gara kexatu egindako lanarekin". Igandera begira, Orio eta Donostiarra ahaztu egingo dituztela diote, eta beraien postuari eutsi eta posible bada Arraun Lagunakeko arraunlariei aurre hartzen saiatuko direla gaineratu du.

Patxi Frances: "Arraun Lagunak eta Hondarribiari irabazteko gai gara"

Pozik azaldu da Patxi Frances entrenatzailea ohorezko txandan sartu delako trainerua, baina ez zegoen guztiz gustura estropada nola amaitu den ikusita: "Hau lehiaketa bat da, eta nik uste dut zerbait oparitu dugula, eta hori lehiaketa batean ez du gertatu behar. Hori bai, honek erakusten du ere gauzak hobeto egiteko aukera dugula, eta hori da sinesten eta pentsatzen dudana".

Lehen luzean arraunean "oso ondo" joan direla azaldu du Francesek. "Arraunketa ondo kontrolatuz aritu da trainerua. Horixe komentatu dugu, buruarekin egin behar genuela arraun, eta luze ere bai. Ondo eutsi behar zen ontzia, eta horixe egin dugu, sinistuz trainerua ondo joanez gero lehenengoak joango ginela". Itzultzerakoan "pixka bat desmuntatu" egin direla dio, baina eremua zaila zegoela ere gaineratu du. "Horrek eragin du hartuta genuen aldea kentzea, eta gero gauzak konplikatu egiten dira. Zuk airea ematen badiozu beste ontziei, eta batez ere Arraun Lagunak eta Hondarribia bezalako ontziei, Eusko Tren Ligakoak eta taldea aukeraketen bidez egin dutenak, dena ematera doaz, eta hori izan da pena".

Francesek, halere, garbi du: "Gehiago garela pentsatzen jarraitzen dut, Arraun Lagunak eta Hondarribiari irabazteko gai garela uste dut. Gure esku daude xehetasun horiek hobetzea. Estropada bakoitza esperientzia bat gehiago da, gero eta eskarmentu gehiago dute arraunlariek eta ea xehetasun horiek hobetzen ditugun". Datorren igandean Arraun Lagunaki irabaztera joan direla dio Francesek: "Anbizioa ez baduzu ezin duzu hazi. Gero bidean geratzen garela... Baina asmoa izan behar du heztea eta lehiakorrak izatea".

Sailkapena:

1. Orio                           11.10,26
2. Donostiarra             11.12,48
3. Arraun Lagunak     11.23,86
4. Tolosaldea           11.27,80
5. Hondarribia             11.28,60
6. Hibaika                     11.31,52
7. Zumaia                      11.39,82
8. San Juan                   11.51,14

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!