Eskualdeko bi pentatloilariak final handira

Leyre Carrasco 2020ko ira. 6a, 10:42

Argazkia: Uztarria

Baditu finalistak III. Euskal Pentatloi Sariak: Xabier Zaldua, Julen Gabirondo, Xabier Orbegozo Arria V.a, Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin eta Julen Kañamares.

Atzo jokatu zuten probaren finalaurrekoa Azpeitiko zezen plazan, 18:00etan hasita. Beharrezko neurri guztiak hartuta antolatu zuten jaialdia. Besteak beste, iaz baino sarrera gutxiago jarri zituzten salgai, eta elkarren arteko tartea zainduta eseri behar izan zuten ikusleak. Hala ere, neurri horiek ez zuten eraginik izan zezen plazako giroan, eta jende ugari hurbildu zen kirol jaialdiaz gozatzera. Sei sailkatuek hilaren 26an jokatuko dute final handia, toki berean.

Parte hartzaileek bosna lan egin behar izan zituzten finalaurrekoan. Aurrenik, 100 kiloko harriari hamar jasoaldi egin zizkioten. Ondoren, giza proban, 400 kiloko harriarekin plaza bat egin zuten. Aizkora izan zen egin behar izan zuten hirugarren lana: kirolari bakoitzak kanaerdiko bat eta 45 ontzako enbor bat ebaki zuten. Horren ostean, 50 kiloko bi txingarekin hiru plaza egin zituzten, eta, bukatzeko, zezen plazari hamar buelta –kilometro bat– eman zizkioten, lasterka. Lan guztiak amaituta denborarik onena lortu zuten sei kirolariek soilik lortu dute hilaren 26ean Azpeitiko zezen plazan jokatuko den final handirako txartela.

Bost txandetan jokatu zuten proba. Aurreneko txandan Izeta VI.ak, Zalduak eta Dramek neurtu zituzten indarrak; Zaldua izan zen irabazlea, txandako bigarrenari, Izeta VI.ari, hiru minutuko aldea aterata. Bigarren txanda Peñagarikañok, Aizperrok eta Zelai V.ak jokatu zuten, eta hor ere Peñagarikanok erraz gainditu zituen beste biak. Hirugarren txandan Errazkin, Amade eta Mugertza aritu ziren; Errazkinek ia bi minutuko aldea atera zizkion txanda horretan bigarren egin zuen Mugertzari. Laugarrengoan, Arria V.a, España eta Kañamares lehiatu ziren; hasieran Kañamares eta Arriak V.a nahiko parean hasi ziren arren, errezildarrak aizkoran aurrea hartu zion lehiakideari, eta minutu pasatxoko aldearekin bukatu zituen lanak. Bosgarren eta azken txandan, berriz, Gabirondo, Otaegi eta Ardeo jardun ziren buruz buru. Urnietarrak erakustaldia eman zuen eta nagusitasunez irabazi zion beste biei, finalaurreko bigarren denbora onena lortuta. 

Lan guztiak amaitzen azkarrena Zaldua izan zen, 12 minutu eta 50 segundoko denbora eginda. Aipatzeko da iaz Joseba Otaegik jarritako 13 minutu eta 29 segundoko denbora aise hobetu zuela zumarragarrak, eta arratsaldeko bigarren sailkatuari minututik gorako aldea atera ziola. Hain zuzen ere, Gabirondo izan zen bigarren sailkatua, 14 minutu eta 4 segundoko denbora lortuta. Haren atzetik sailkatu zen Arria V.a, 14 minutu eta 24 segundoko denborarekin. Peñagarikano sailkatu zen laugarren, 14 minutu eta 28 segundoko denbora eginda. Errazkin izan zen bosgarren, 14 minutu eta 40 segundorekin. Eta finalerako azken txartela Kañamaresek eskuratu zuen, lan guztiak 15 minutu eta 40 segundotan bukatuta.

Finalean, lan bikoitza

Irailaren 26ean, larunbatez, jokatuko da III. Euskal Pentatloi Sariaren finala Azpeitiko zezen plazan. Hitzordu horretan proba gogorragoak egin beharko dituzte kirolariek. Izan ere, 100 kiloko harriari hogei jasoaldi egin, 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu, hiru kanaerdiko ebaki, 50 kiloko bi txingarekin sei plaza egin eta korrika hiru kilometro osatu beharko dituzte. Jaialdi horren inguruko xehetasun gehiago datozen egunetan emango dituzte antolatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!