Kontxako estropadak etxetik ikusteko deiarekin bat egin du Tolosako Udalak

Ataria 2020ko irailaren 3a

Datozen bi igandeetan jokatuko dira Kontxako Banderaren estropadak, emakumezkoetan eta gizonezkoetan. Aurten, baina, ateak itxita izango dira, herritarren segurtasuna bermatze aldera. Donostiara ez joatea eta trainerua etxetik animatzea eskatzen die udalak eskualdeko herritarrei.

Atzoko sailkatze estropadan egin bezala, datozen bi igandeetan ere Kontxako Banderaren lehiarako estropadak “ateak itxita” egingo direla adierazi du Donostiako Udalak, eta bertara ez hurbiltzea eskatu du, “guztion osasunaren mesedetan”.

Tolosako Udalak bat egin du deialdiarekin, aurten lehiaketa etxetik ikusi beharko dela gogoraraziz. Gainera, eskualdeko herritarrei trainerua etxetik animatzea eskatzen die.

Atzoko sailkatze estropadan meritu handiko bigarren postua lortu ondoren sailkatu zen Tolosaldea trainerua. Beste 7 klubekin batera ariko da Kontxako Banderaren lehian, irailaren 6an eta 13an jokatuko diren bi estropadetan.

Abuztuan ETE liga irabazi du taldeak, hamabitik bederatzi estropada irabazita eta orain Kontxako Bandera jokatzeko sailkatu da. "Tolosako Udalak TAK klubeko Tolosaldea traineruari zorionik beroenak helarazi nahi dizkio egindako denboraldiagatik", adierazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!