Koronabirusa

Lehiaketa ofizialetan parte hartzeko hainbat neurri bete beharko dituzte pilota klubek

Ataria 2020ko ira. 3a, 11:58

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak ohar bidez jakinarazi ditu zein izango diren neurriak, euskal pilotako beste federazioekin batera finkatu dituztenak.

"Denon nahia denez 2020-21 denboraldiari ekitea eta ahalik eta ondoen burutzea, eta egungo osasun-egoeraren jakitun, hainbat neurri hartzea ezinbestekoa izango da aurten", zehaztu dute Gipuzkoako Euskal Pilota Federaziotik.

Hain justu, lehiaketa ofizialetan parte hartu ahal izateko neurri berezi batzuk bete beharko dituzte klubek. Besteak beste, ondorengoak aurkeztu beharko dituzte:

  • Etxeko partidak jokatuko diren frontoia erabiltzeko baimena.
  • Frontoiaren jabearekin bere erabilerarako adostutako osasun protokoloa.
  • Era berean, klub bakoitzak, indarrean dagoen COVID-19k eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoa den prebentzioari buruz, Eusko Jaurlaritzak emandako aginduek eskatzen dituzten osasun arloko eta osasun segurtasuneko prebentzio-neurri guztiak zorrozteko konpromisoa aurkeztu behar du. COVID-19 arduradun bat ere izendatu behar du, protokolo eta neurri ezberdinak betetzen direla bermatuko duena eta federazioekin COVID gaietarako solaskidea izango dena.

Orain arte aipatutako guztia eremu federatuari dagokio, hau da, kadete kategoriatik goragorako. Eskola adineko eremurako, errendimenduko ibilbidea barne, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazten dutenaren zain daudela azaldu dute federaziotik. "Oraingoz, jakinarazi diguten gauza bakarra da oraindik ezin dela ez jarduerarik ez lehiaketarik antolatu. Hau da, ezin da ez entrenatu, ez lehiatu", azaldu dute.

Bide batez, klubei beraien "ulermena eta esfortzua" eskertu nahi dietela adierazi dute federaziotik.

Mutilen eskuko teknifikazio proiektua

2020-21 denboraldian ere mutilen eskuko teknifikazio proiektuarekin jarraitu nahi du Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak. Pilotariei entrenamendu tekniko pertsonalizatua eskaintzea du xede egitasmoak. Eta izena emateko epea zabaldu berri dute.

Aurreko urteetan bezala, eskuz aritzen diren Gipuzkoako infantil eta kadete kategorietako mutil pilotariei dago zuzenduta deialdia. Klubek irailaren 10era arte dute beraien pilotarien izena emateko aukera.

Izena emandako pilotariek hautaketa entrenamenduak izango dituzte; honelaxe aurreikusten dira: irailaren 16an Goierri-Tolosaldea-Aiztondokoak, irailaren 23an Deba-Urola Kostakoak, eta irailaren 30ean Bidasoa-Oarso-Burruntzakoak.

Ondo bidean, aukeratutakoek urrian ekingo liekete entrenamenduei. Donostiako Atano III.ean izango lirateke kadete kategoriako pilotarien entrenamenduak, eta eskualdeetan infantilenak.

Besteak beste, Iraitz Olaetxea GEPFko teknikaria eta Iñaki Esnal, Andoni Ugalde eta Beñat Rezusta pilotari gipuzkoarrak izango dira prestatzaileak.

Egungo egoerak baldintzatuta, eta osasun agintarien aholkuak jarraituz, bai hautaketa entrenamenduetan eta baita denboraldiko entrenamenduetan ere protokolo bat bete beharko da. Infantilei dagokienez, gainera, erakundeen baimenaren zain daude federaziotik, gaur gaurkoz eskola adinekoek ezin baitute ezertan aritu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!