Finalean sartzeko aukera dute eskualdeko bi pentatloilariek

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 2a, 19:57

III. Euskal Pentatloi Sariaren kanporaketa Azpeitiako zezen plazan jokatuko da, larunbat honetan, 18:00etatik aurrera. Eskualdeko bi kirolari ariko dira bertan: Xabier Orbegozo Arria V.a, Ibarran bizi den errezildarra; eta Iñaki Errazkin tolosarra.

Finalerako sei postu daude jokoan, eta aurrez aurre izango dituzte beste hamahiru lehiakide, Txapartegik uko egin baitio parte hartzeari, lesiotik ez baita oraindik osatu. Arria V.a-k eta Errazkinek aukera dute finalean sartzeko.

Larunbateko saioan ondorengo lana egin behar dute: harriarekin, 100 kiloko bola hamar aldiz jaso beharko dute; giza proban, plaza bat bete beharko dute; aizkoran, 54 ontzako eta 45 ontzako enbor bana moztu beharko dituzte; txingekin, hiru plaza egin beharko dituzte, eta korrika, kilometro bat osatu.

Iazko finalistek aukera dute berriro ere finalean sartzeko. Horietan dago Arria V.a, eta berarekin batera Zaldua, Mugertza eta Aizperro. Peñagarikano ere ondo aritu da Aizperroren aurkako apustuan eta binakako pentatloian. Errazkinek ere aukera du, iaz finalaren ateetan geratu baitzen, eta urte honetan buru-belarri dabilelako entrenatzen.

Sarrerak salgai daude Tolosako Kantabriko tabernan, Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Aiako Izeta sagardotegian. 20 eurotan daude salgai, eta egun berean leihatilan erosi ahalko dira ere, 16:00etatik aurrera. Edukiera mugatua izango da, mila pertsona arte, eta ikusleek maskararekin egon beharko dute uneoro.

Gari Etxeberria amasarra antolakuntzan ari da: «Ez dago egoera erraza horrelako ekitaldiak aurrera eramateko, baina merezi du esfortzua egin eta ez etxean besoak gurutzatuta geratzeak. Kirolariak prestatu eta prestatu ari dira eta horrez gain, entrenamenduetan dirua gastatzen ari dira. Ez badute txapelketarik, ez dute motibaziorik entrenatzeko. Esfortzua izan da honi guztiari aurre egitea eta ea dena ondo ateratzen den».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!