Beste helburu bat beteta

Imanol Garcia Landa 2020ko ira. 2a, 20:17

Sekulako erlojupekoa eginez bigarren postuan sailkatu dira Tolosaldea trainerukoak, Kontxako Banderaren estropadan parte hartzea lortuz.

Erakustaldia eman du Tolosaldea traineruak gaur Donostiako badian egindako Kontxako Banderaren sailkatze estropadan. ETE Liga irabazi eta igoera faserako sailkatu eta gero, Kontxako estropadan lehiatzea zuten helburu TAKeko arraunlariek, eta baita lortu ere. Bigarren postuan sailkatu dira, Orioren atzetik.

Malen Oiarzabal arraunlaria oso gustura hitz egin du arrapalan: «Hasieratik oso kontzentratuta eta oso gustura aritu gara arraunean, oso solte zihoan ontzia. Gozatu egin dugu arraunean, eta nik hamar bat ematen diot egindakoari». Ezustekoa izan da bigarren postua lortzea, baina «borrokatutako ezustekoa» izan dela ere gaineratu du: «Oso pozik gaude, baina hankak lurrean ditugu. Orain berriro entrenatu eta igandean zerotik hasiko gara berriz». Igandean, 10:00etan hasiko da emakumezkoen estropadaren lehen jardunaldia. «Gaur bezalako estropada bat eta ahal bada hobea gauzatzera, eta gure lekua zein den ikustera» joango dira igandeko saiora. Ohorezko txandan sartzea «amets bat» izango litzatekeela esan du Oiarzabalek: «Nik uste dut lana ondo egiten badugu, hankak lurrean baditugu eta gugan konfiantza badugu, hemen ez dagoela ezinezkorik».

Patxi Frances entrenatzaileak ere oso pozik hitz egin du lortutakoaz: «Ezin hobeto egin dute arraun. Urduritasunak eragin zezakeen estropada bat zen, eta batez ere kontuan izanik gure taldea gazteena dela. Eta lortutako emaitza txapeldunen mailakoa da». Eusko Tren Ligako Arraun Lagunak eta Hondarribiaren aurretik sailkatu direla nabarmendu du Francesek. «Orain hau asimilatu behar dugu, eta iganderako ikusi egin beharko dugu zein diren itsasoaren baldintzak. Badirudi itsaso txarra izaten denean, traineru beteranoenak hobeto moldatzen direla, baina guk erakutsi dugu bigarren egin dugula, eta igandean dena ematera joango gara». Entrenatzaileak gaineratu du igandean «beldurrik gabe» atera behar dutela: «Honaino iritsi badira beraiengatik izan da, eta datozen bi igandeetan estropada on bat egin dezakete».

Bere aldetik, Sabino Alijostes TAK klubeko lehendakariak taldearen gaztetasuna nabarmendu du: «Bigarren geratuz bere maila erakutsi dute, batez beste hemeretzi urteko adinarekin, eta denak Tolosaldekoak izanik». Igoera fasean izango dituen aurkarien aurretik ere sailkatu dela nabarmendu du.

Igandean, Donostiarrarekin batera, gaur sailkatu diren zazpi ontziak egongo dira lehiatzen Donostiako badian: Orio, Tolosaldea, Arraun Lagunak, Zumaia, Hondarribia, San Juan eta Hibaika.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!